Ekonomia -
Erreserba Federala
AEBk puntu erdi igo ditu interes tasak, 2000. urtetik egindako gorakada handiena
Orain arte, ohikoena 0,25eko igoerak iragartzea zen. Inflazioari aurre egiteko neurria da, prezioak ia % 9 igo baitira. Hazkunde gehiago egitea ere aurreikusi du Erreserbak. Burtsek gorako bidea hartu dute.
Agentziak| EITB Media
AEBko Erreserba Federalak puntu erdi (0,50) igo ditu interes tasak, azken 22 urteotan egindako igoerarik handienean. Inflazioari aurre egiteko neurria da, prezioak ia % 9 igo baitira (80ko hamarkadatik izandako gorakada handiena). Aurrerantzean ere, tankerako hazkundeak iragarri ditu Jerome Powell Erreserba Federaleko buruak.
Orain arte, asko jota 0,25eko igoerak iragarri ohi ditu AEBko bankuak —azken igoera ere, martxokoa, halakoa izan zen—, eta pandemiako bi urteetan 0 inguruan mugitu dira tasak. Hala, azkenekoz 2000. urtean igo zituen tasak puntu erdi.
Hartara, AEBko interes tasa ofiziala % 0,75 eta %1aren artean egongo da. AEBko Burtsak igoerekin erantzun dio neurriari.
Jerome Powell Erreserba Federaleko presidenteak ohartarazi duenez, hemendik aurrera "mahai gainean egon beharko lukete 50 puntuko igoerak" eta, beraz, litekeena da hurrengo bileran —ekainean— gisa horretako gorakada iragartzea. 2022a % 3 inguruko tasarekin amaitzea aurreikusten da.
AEBko ekonomiak % 0,4 egin zuen atzera urteko lehen hiruhilekoan, baina enplegu datuak onak izan dira. Inflazioarekin kezkatuta dago, ordea, Erreserba Federala eta horregatik hartu du tasak igotzeko erabakia. Prezioak % 8,5 igo dira, 1981etik izandako tasarik altuena.