Ekonomia -

Osakidetza

Osakidetzak 3.723 lanpostu egonkortuko ditu

Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek esan dutenez, Osasun Saila plaza kopuru hori "jakinaraztera mugatu da" gaur egindako mahai sektorialaren bileran. "Horrelako egoerek eraman gintuzten foro hau uztera", azpimarratu dute.

Osakidetzako sindikatuen manifestazioa, Bilbon. EITB Mediaren bideo bateko artxiboko irudia
Osakidetzako sindikatuen manifestazioa, Bilbon.
Osakidetzako sindikatuen manifestazioa, Bilbon. EITB Mediaren bideo bateko artxiboko irudia

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak gehienez 3723 lanpostu egonkortzeko tasa ezarri du, sektore publikoan behin-behinekotasuna murrizteko Espainiako legeak irekitako prozesuaren barruan. Erabaki hori gaur mahai sektorialaren bileran jakinarazi die sindikatuei.

Osasun Sailaren arabera, "bi aldeek positiboki baloratu dute gehieneko plaza-kopurua. Hau, lehen urratsa izan da 2020ko abenduaren 31n hiru urtez hutsik egon diren plazak egonkortzea helburu duen EPE bat deitzeko". Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek, ordea, ohar batean kritikatu dute Osakidetza ez dela negoziatzeko prest agertu eta plaza kopurua bere kabuz handitu egin duela, aurreko bilerarekin alderatuta.

Osakidetzak "alde bakarrez hartutako erabakiak jakinarazi besterik ez du egin" mahai sektorialaren bileran, sindikatuen arabera. Kritikatu dutenez, ez da "egonkortze prozesuetan eskaini beharreko plazen azken kopurua" negoziatzeko prest agertu, bilera hasieran hori "gaur bertan" erabakita geratuko zela esan baitu.

Egonkortze tasari buruzko monografikoa egin dute Osasun Sailak eta sindikatuek, sektore publikoan behin-behinekotasuna murrizteko Diputatuen Kongresuan onartutako legeari jarraiki. Bilera, baina, Osakidetzak informatzeko besterik ez duela baliatu kritikatu dute sindikatuek.

"Argi dago, beraz, ez dela ezer negoziatzeko inolako borondaterik izan. Gogora dezagun, hain zuzen ere, horrelako egoerek eraman gintuztela foro hau uztera", esan dute.

Azaldu dutenez, egonkortzera eramango dituzten 3.727 plazetatik 1.557 meritu lehiaketaren bitartez egingo dutela komunikatu die oraingoan. Sindikatuentzat "harrigarria" da martxoaren 28an jakinarazi zien kopurua igotzea. "Legearen edukia berbera izanik, gehienekotzat jotzen zen kopuru bati, 900 plaza gehiago gehitu zaizkio", esan dute; beraz, "borondate kontua besterik ez da", horien ustez.

Igoera hori sindikatuen mobilizazioari esker onartu duela esan dute sindikatuek, baina, hala ere, "bere plantillak jasaten dituen behin-behinekotasun tasa handien arazoari amaiera emateari" uko egin diola azpimarratu dute.

Maiatzaren 16an, astelehenarekin, deituta dagoen grebarekin bat egin dezaten eskatu diete langileei. "Osakidetzak argi utzi digu hori dela bide bakarra", gehitu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza ELA LAB albisteak EAE Lana berriak Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Sindikatuen albistea Langile Komisioak azken ordukoa UGT albisteak Lan gatazkak albisteak gaur ESK