Ekonomia -
ASLE-REN 40. urtemuga
"Lankidetza ekonomia" eta "indarrak batzea" beharrezko jo ditu lehendakariak, krisiari aurre egiteko
Bestalde, Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburu eta bigarren lehendakariordeak "errenten gaineko akordioa" eskatu du sindikatu eta enpresen artean "inork gal ez dezan".
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak "lankidetza ekonomia", "indarrak batzea" eta auzolanaren filosofia aldarrikatu ditu "pairatzen ari garen ekaitzei " aurre egiteko, Ukrainako gerrak eragindako ziurgabetasun egoeraren baitan.
Urkulluk ASLE lan-baltzuen enpresa elkartearen batzar nagusiaren irekiera ekitaldian hartu du parte, Gasteizen, elkarteak 40. urtemuga ospatzen zuela eta. Lehendakariarekin batera, Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburu eta bigarren lehendakariordea izan da ekitaldian. Mendiak "errenten gaineko akordioa" eskatu du sindikatuen eta enpresen artean, "inork gal ez dezan garai zailetan edota transformazio handien sasoian".
Lehendakariaren hitzetan, ASLE elkarteak (sozietate mota horiek bultzatzeko 1979an sortutako elkartea) lankidetza ekonomiaren edo ekonomia sozialaren "adierazle onena" da. Urkulluk azpimarratu duenez, ekonomia mota horrek "euskal ereduaren lehentasunekin eta balioekin bat egiten du: autogobernurako gaitasuna, enpresa gehienen lurralde errotzea, ekonomia sozialaren pisu handia eta gizarte zibil indartsu bat".
"Zailtasun handiko bi urte eta erdien" errepasoa egin du Urkulluk hitzaldian. Kontaketa Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran Zaldibarreko zabortegia amildu zenean hildako langileekin "oroitzapen sentitua" gogora ekarrita abiatu du. "Gero, birus ezezagun batek eragindako pandemia etorri zen, milaka hildako eta osasun, ekonomia, eta gizarte krisia ekarri duena, baita krisi emozionala ere", gaineratu du.
Horren aburuz, bi urteotan "zurrunbiloan" egon da Euskadi, eta erakundeek "hurbiltasunez jokatu dute, erabakien artean oreka mantendu nahian. Batzuetan ziurgabetasunarekin eta hutsegiteekin, baina beti jarrera proaktibo batekin", adierazi du asteazkeneko bere hitzak gogorarazita. "Egonkortasun instituzionala mantentzen saiatu gara, Estatuan zegoen tentsio handia eta sumindura politikoaren testuinguru horretan".
Arlo sozio-ekonomikoan, gogorarazi du euskal erakundeek 5.000 milioi euroko aparteko inbertsioak egin dituztela, "kohesio soziala eta garapen ekonomikoa uztartuz".
Ukrainako gerrak eragindako "ziurgabetasun globala" hizpide, gatazkak eragindako milaka hildakoak eta pertsona errefuxiatuak aipatu ditu, eta jardueran ekonomikoan izandako eraginak zerrendatu ditu: "hornidura-kateen haustura, energiaren eta elikagaien prezioen igoera, eta inflazio mailaren igoera; oraindik ez dakigu zer bilakaera izango duen".
Mendiak "errenten gaineko akordioa" eskatu du
Bestalde, Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburu eta lehendakariorde bigarrenak ohartarazi duenez, "beharrezkoa da gizarte eragileek, patronalek eta sindikatuek errenten gaineko akordioa adostea, inork galdu ez dezan, gauzak ondo doazenean zein txarto daudenean".
Mendiaren aburuz, lan-baltzuetan "liskarraren ordez, lankidetzaren" alde egiten da, "denek irabazteko", eta eredu egokia direla erantsi du.
ASLE elkartea bera ere "erreferentea" dela uste du sailburuak: "Errotuta dauden baina munduari begiratzen dioten enpresak dira, etekinak bilatzen dituztenak, eta etekinok berrikuntzara eta enplegura bideratzen dituztenak. Modu demokratikoan funtzionatzen dute, eta langileak arrakastaren berme dira".