Ekonomia -
Lana
Lan-istripuak % 5,01 areagotu dira Euskadin, eta 101 ezbehar izan dira egunero
Azken ezbeharra maiatzaren 11n gertatu zen, Aramaion. Bihar, astelehena, CCOO sindikatuak elkarretaratzea egingo du bere Gasteizko egoitzan, 11:30ean, lan-istripuak salatzeko.
EITB MEDIA
Euskadin, urtarriletik apirilera, baja eragin duten 12.138 istripu erregistratu dira, hau da, iazko lehen lauhilekoan baino % 5,01 gehiago. Horrek esan nahi du, batez beste, egunero lan-baja eragin duten 101 ezbehar jazo direla lantokian edo lantokira joateko edo itzultzeko bidean, Osalanek emandako datuen arabera.
Zifra horiek lanaldiko lan-istripuak eta in itinere erregistratutakoak barne hartzen dituzte. Urtarriletik apirilera bitartean lanaldian izandako ezbeharrak 10.825 izan ziren (+%4,1) eta in itinere zenbatutakoak, aldiz, 1.313 (+%12,8).
Lanaldiko istripu guztietatik, 10.753 arinak izan ziren (+%4,1), 66 larriak (+%24,5) eta sei hilgarriak (2021ean baino lau gutxiago). In itinere izandako istripu arinak 1.302 izan ziren (+%12,6), hamar larri (sei 2021ean) eta hildako bat egon zen, 2021ean baino bat gutxiago.
Lanaldian ezbehar gehien izan dituen sektorea Zerbitzuak (5.812 istripu) izan da, horren atzetik adude: Industria (3.420 ezbehar), Eraikuntza (1.398 istripu) eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza (195).
Azken hildakoa, Aramaion
CCOOk elkarretaratzea egingo du astelehen honetan, 11:30ean, Gasteizko bere egoitzan, hilaren 11n Aramaion gertatutako lan-istripua salatzeko. 53 urteko langile bat hil zen, sei metroko altueran zegoen balkoi baten hegaletik erorita, egurrezko baranda bat muntatzen ari zela; behargina ospitalean hil zen gero.
Ohar baten bidez, sindikatuak herritar guztiei dei egin die lan-istripuen aurrean neurriak eskatzeko protestan parte har dezaten, eta gogorarazi du aurten 18 pertsona hil direla Euskadin lan-istripuetan.