Ekonomia -
LAN ESKAINTZA PUBLIKOA
Donostiako Udalak 282 lanpostuko Lan Eskaintza Publikoa onartu du
2022ko Lan Eskaintza Publiko honekin lantaldea egonkortu nahi du Udalak. Hain zuzen ere, plazen % 70 baino gehiago horretara bideratuko dira. Gainera, txanda irekiko 71 plaza eta barne sustapeneko 4 plaza ere onartu ditu.
EITB MEDIA
Donostiako udal gobernuak 2022ko Lan Eskaintza Publikoa (LEP) onartu du. Guztira, 282 plaza izango dira eta % 70 baino gehiago bitarteko langileen lanpostuak egonkortzeko izango dira. Gaur egun, Udaleko "langileen herena" bitartekoa da.
Eneko Goia alkateak prentsaurreko batean adierazi duenez, 282 plaza horietatik 207 egonkortzekoak izango dira. 174, salbuespen gisa, lehiaketa bidez deituko dira, eta gainerako 33 plazak lehiaketa-oposizio bidez.
Gainera, txanda irekiko 71 plaza eta barne sustapeneko 4 plaza ere onartu ditu.
Goiaren hitzetan, "2022an eskainiko diren plazen kopurua Udaleko Langile Batzordearekin lortutako adostasunaren emaitza izan da, plantillari egonkortasuna emateko legez ahal den plaza gehien sartzeko helburuarekin".
Hautaketa prozesuan parte hartzeko baldintzak prozedura bakoitzaren oinarrietan zehaztuko dira. Izen-emateak Donostiako Udalaren webgunean eta udaletxean bertan egin ahalko dira.