Ekonomia -
GOMENDIO EKONOMIKOAK
Espainiak zor handia eta langabezia-maila altua izaten jarraitzen duela ohartarazi du Bruselak
Defizit eta zor publikoak kontrolatzeko egun Europak dituen arauak 2023ra arte izoztuta mantentzea proposatu du Europako Batzordeak, hau da, aurreikusi baino urtebete gehiago.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Zor publiko, pribatu eta kanpo-zor handia izaten jarraitzen duela ohartarazi dio Europako Batzordeak Espainiari, eta langabezia handia duela; izan ere, Europar Batasuneko agintariek aspaldidanik antzeman dituzte "ahuleziak" Espainiako ekonomian.
Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroak astelehen honetan bildu dira herrialde bakoitzeko gomendio zehatzei eta hazkundea eta enplegua bultzatzeko orientabideei buruz hitz egiteko. Hala, udaberriko gomendioen artean, bestea beste, 2023an zerga-politika "zuhurra" bermatzeko eskatu die Espainiari, nazio-mailako gastua epe ertaineko hazkunde potentzialaren azpitik mugatuz.
Energiaren prezioen goraraka pairatzen ari diren etxe eta enpresa ahulei eta Ukrainako gerratik ihes egiten duten pertsonei aldi baterako laguntzak emateko ere eskatu dio; izan ere, Bruselak ohartarazi duenez, etxeen eta enpresen zorra pandemia aurreko mailen oso gainetik dagoela.
Langabeziari dagokionez, Bruselak azaldu du lan-merkatuaren "segmentazioak" bere horretan jarraitzen duela aldi baterakoen eta mugagabeen artean, baita gazteen langabezia altuak ere, baina nabarmendu du "iraganeko eta egungo lan-erreformek eta berreskuratze-planak Espainiako gainerako ahultasunei aurre egiten lagunduko dutela".
Defizitaren eta zorraren arauak beste urtebetez etenda mantentzea proposatu dute
Defizit eta zor publikoak kontrolatzeko egun Europak dituen arauak 2023ra arte izoztuta mantentzea proposatu du Europako Batzordeak, aurreikusi baino urtebete gehiago, alegia, Ukrainako gerrak Europar Batasuneko ekonomian izan duen eraginagatik.
"Sadoen ziurgabetasun handiak eta Ukrainako gerrak, energia-prezioen aurrekaririk gabeko igoerek eta hornidura-kateen etengabeko asaldurek ihes-klausula 2023ra luzatzea eskatzen dute", esan du Europako Batzordeak ohar batean.