Ekonomia -
ENPLEGU PUBLIKOA
Espainiako Gobernuak 29.578 lanpostuko lan eskaintza publikoa egingo du 2022an administrazio orokorrean
Estatuko administrazio orokorrean inoiz egin den lan eskaintza publikorik handiena da. Espainiako Gobernuak eta sindikatuek adostutako ia 30.000 lanpostu horietatik 15.880 lanpostu berriak izango dira, ia 9.600 barne promoziokoak eta 4.000 baino gehiago behin behineko langileen egoera egonkortzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioak eta CSIF, CCOO eta UGT sindikatuek akordioa lortu dute 29.578 lanpostuko lan eskaintza publikoa deitzeko aurten Estatuko administrazio orokorrean. Alor horretan inoiz egin den lan eskaintza publikorik handiena izango da.
Espainiako Gobernuak eta sindikatuek adostutako ia 30.000 lanpostu horietatik 15.880 lanpostu berriak izango dira, 2021ean baino % 29 gehiago; 9.591 lanpostu barne promoziokoak, aurreko urtean baino % 1,8 gehiago; eta 4.000 lanpostu baino gehiago behin behineko langileen egoera egonkortzeko bideratuko dira.
Akordioak beste hainbat puntu ere jaso ditu, tartean, plazen esleipen prozesuak arintzea edota langileen gabezia murrizteko hainbat urtetarako plangintza bat egitea.
Bestalde, barne promoziorako prozesuak berrikustea ere adostu zuten, ikasgai-zerrendak sinplifikatzeko eta murrizteko, deitutako lanpostuen estaldura zabalagoa izateko eta langileen karrera profesionala bermatzeko.
Ezustekorik ezean, Ministroen Kontseiluak gaurko bileran onartuko du ia 30.000 lanpostuko lan deialdi publikoa.