Itxi

Ekonomia

Enplegu publikoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak 422 lanpostuko eskaintza publikoa onartu du, egonkortze legearen harira

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Guztira, 68 deialdi egingo dituzte. Plazen % 86 (362) meritu lehiaketa bidez egonkortuko dituzte, eta gainerako 60ak, lehiaketa oposizio bitartez. Deialdia gehiengo sindikalarekin adostu dutela nabarmendu du Eider Mendoza Aldundiko bozeramaileak.

  • Mendoza, prentsaurrekoan.

    Mendoza, prentsaurrekoan. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak 422 lanpostuko eskaintza publikoa onartu du gaurko gobernu bileran, Eider Mendoza foru eledunak iragarri duenez. Denera, 68 deialdi egingo dituzte, eta plaza gehienak meritu lehiaketa bidez egonkortuko dituzte. Eskaini beharreko plaza kopurua gehiengo sindikalarekin adostu dutela nabarmendu du diputatuak, eta langile batzordearen "jarrera ona" goraipatu.

Administrazio publikoan behin-behinekotasuna jaisteko iazko abenduan Espainiako Gobernuak onartutako legearen ondotik eratorritako eskaintza dela gogorarazi du Mendozak. "Dakizuenez lege horrek baldintza jakin batzuk ezarri zituen lanpostuak egonkortzeko. Guk bagenituen EPE prozesuak abian, eta bete-betean harrapatu gaitu, aldaketa handia eskatu dio Aldundiari", aitortu du.

Zehaztu duenez, 362 plaza meritu lehiaketa bidez eskainiko dituzte, 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen lanpostu horretan zeuden behin-behineko langileei zuzenduta. Beste 60 plaza lehiaketa oposizio bitartez esleituko dituzte (2018ko urtarriletik 2020ko abenduaren 31ra behin-behineko beharginekin beteta egon diren lanpostuak). Hortik aurrerakoak, ohiko EPE prozesuen bidez egingo dira, besteak beste, 68 suhiltzaile plaza, 10 basozain plaza eta Kultura departamentuko beste 7 plaza.

"Lanpostuak asko eta anitzak dira, eta multzoka eskainiko ditugu", iragarri du Mendozak, eta erantsi du aldizkari ofizialean argitaratuko dituztela ekainaren 1a baino lehen. Prozesuaren "konplexutasuna" aitortuta, aldundiko teknikariek "txapela kentzeko moduko lana" egin dutela azpimarratu du bozeramaileak. Era berean, prozesua gehiengo sindikalarekin adostu dutelako pozez agertu da. Azaldu duenez, ELAk (8 delegatu) eskaintzaren alde bozkatu zuen; LABek (9) eta Bazkunak (5 ordezkari) abstenitu egin ziren, eta CCOOk (6 delegatu), aldiz, kontra bozkatu zuen. "Hurrengo faseetan ere, elkarlan hori jarraipena ematea izango da gure borondatea", azaldu du Mendozak.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena