Ekonomia -
Lan gatazka
Udaltzaingoaren sindikatuek Bilboko Udalaren "aldebakartasuna" salatu dute erabakietan
Udalak asteburuko txandak indartzea proposatu du, delitu gehiago egin eta ekitaldi eta jarduera gehiago antolatzen baitira asteburutan. Agenteak kezkatuta daude, baliabideak asteburuetara eramanda, aste barruan zerbitzua eta segurtasuna murriztu daitezkeelako.
O. P. | EITB Media
Bilboko 500 bat udaltzainek manifestazioa egin dute gaur goizean Bizkaiko hiriburuan, Udalak lan-baldintzetarako proposatu dituen azken aldaketen aurka. Goizeko 08:00etan abiatu da protesta Sabino Arana kaletik, eta 09:30ean iritsi da udaletxeko eskaileretara, han 10:00etan hastekoa baitzen osoko bilkura.
Dozena bat manifestari pleno aretoan sartu da eta ikusleen eserlekuetatik "laguntza" eskatu diote Juan Mari Aburto alkateari, zerbitzua "hondatzen" ari dela iritzita. Halaber, Amaia Arregi Herritarren Segurtasuneko zinegotziari langileei entzuteko eskatu diote. Tentsioak gora egin du, eta alkateak, azkenean, sindikatuetako ordezkariak kanporatzea eta osoko bilkurarekin jarraitzea agindu du.
Udalak asteburuko txandak indartzea proposatu du, egun horietan delitu gehien egiten direla eta Udaltzaingoaren zerbitzua eskatzen duten ekitaldi eta jarduera gehiago antolatzen direla iritzita.
Poliziako sindikatuen arabera, Bilboko Udalak proposatutako egutegi berriarekin, agenteek urtean 24 gau gehiago eta sei asteburu gehiago lan egingo lituzkete.
Hala ere, ELA, LAB, CC.OO. eta PLES (Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Sindikatua) sindikatuek adierazi dute arazoa ez dela ordutegien eta egutegiaren aldaketa, eta "edalontziak gainezka egiteko azken tanta" baino ez dela, Mikel Barreiro SVPEkoak Euskadi Irratian adierazi duenez. Sindikatuetako ordezkarien arabera, "ordutegia aldatu behar bada, aldatu egiten da eta kitto, hori ez da kontua, arazoa da Udalak ez dituela langileen proposamenak kontuan hartzen eta erabakiak alde bakarrez hartzen dituela".
Ziurtatu dute udaltzainek esku hartu behar duten egoerak desberdinak direla astegunetan eta asteburuetan; ez dute ukatzen, Udalak dioen bezala, delituek gora egin izana, eta batez era asteburuetan ugaritu izana; haien kezka nagusia da, ordea, asteburuko zerbitzua indartzeagatik astelehenetik ostiralera bitarteko zerbitzua murriztu daitekela, Bilboko herritarren segurtasun-beharrak eranunik gabe uzteko arriskuarekin.
Ez dute, gainera bidezko ikusten, asteburuetako ekitaldi handi asko enpresa pribatuek antolatutakoak izanik, Udaltzaingoak ekitaldi horien segurtasuna bermatzeko lan estra egin beharra.
Sindikatuen arabera, baldintzak aldatzea prozesuaren "azken urratsa" izan beharko luke, eta "aldez aurretik gutxieneko elkarrizketa" behar dute, orain arte eman ez dena.
Maiatzaren 31n, langileen ordezkaritza bat Udalarekin bilduko da, elkarrizketa eta negoziazio horri ekiteko. Hala ere, akordiorik ez badago edo Udalak bere asmoei eusten badie, mobilizazioekin jarraituko dutela ziurtatu dute.