Ekonomia -
Kontsumitzaileen eskubideak
Kontsumo Ministerioak hiru minutura mugatuko du bezeroa artatzeko itxaronaldia telefono zerbitzuetan
Alberto Garzon Kontsumo ministroak zehaztu duenez, erreklamazioak eta kexak ebazteko epea 30 egunetik 15era murriztuko du legeak.
Agentziak | EiTB Media
Ministroen Kontseiluak, Kontsumo Ministerioak proposatuta, enpresen arreta zerbitzuak arautzeko lege aurreproiektua onartu du. Horrela, informazio, erreklamazio eta saldu osteko zerbitzuetan telefonoz artatzeko itxaronaldia hiru minutura mugatuko du arauak.
Alberto Garzon Kontsumo ministroak prentsaurrekoan, Ministroen Kontseilua bukatu ondoren, zehaztu duenez, erreklamazioak eta kexak ebazteko denbora 30 egunetik 15era murriztuko du legeak. Gainera, erkidegoek epea are gehiago murrizteko aukera izango dute.
Legea urratuz gero, enpresei 100.000 euro arteko isunak ezartzea aurreikusten du legeak.
Azaroaren 16an aurreproiektua idazteari ekin zioten, eta orain Kontseilura iritsi da "bigarren itzulian", Isabel Rodriguez bozeramaileak esan duenez.