Ekonomia -
Espainiako Bankua
Errusiaren eta EBren arteko merkataritza harremana eteteak Espainiaren BPG % 1,8 murriztuko luke
Gainera, merkataritzaren balizko itxiera baten ondorioz inflazioak 1,4 puntu egingo lituzke gora, Espainiako Bankuak analisi artikulu batean zehaztu duenez.
Agentziak | EiTB Media
Espainiako Bankuak uste du Errusiaren eta Europar Batasunaren arteko merkataritza harremana eteteak BPGn eragin negatibo "esanguratsua" izango lukeela, % 1,8koa lehen urtean; baina Europako gainerako herrialdeetan baino "dezente murritzagoa" litzateke.
Gainera, merkataritzaren balizko itxiera baten ondorioz inflazioak 1,4 puntu egingo lituzke gora, Espainiako Bankuak analisi artikulu batean zehaztu duenez.
Inportazio energetikoak soilik etengo balira, BPGn eragin txikiagoa izango luke, % 0,8 eta % 1,4 artean aurreneko urtean, baita inflazioan ere, 0,8 eta 1,2 puntu egingo lituzke gora.
Inportazio energetikoen etetea gerta daitekeela uste dute Espainiako Bankuko adituek. Horrek % 1,1eko eragin negatiboa izango luke BPGn, eta 0,9 puntukoa inflazioaren igoeran.
Hala ere, artikuluak gaineratu duenez, Errusiaren energiarekiko Espainiaren menpekotasuna Europako gainerako ekonomiena baino txikiagoa denez, "ondorioak gure ekonomian dezente murritzagoak lirateke".
Itxialdi energetikoaren eragina % 2,5 eta % 4,2 artean kokatuko litzateke EBren BPGn. Horrela, ekialdeko herrialdeei eta hiru ekonomia nagusiei kalte askoz handiagoa egingo lieke: Alemania (% 1,9-3,4), Frantzia (% 1,2-2) edo Italia (% 2,3-3,9).
Gainera, ondorioak areagotuko lirateke, kalteak "ekoizpen kate globalen bidez hedatzen baldin badira", bereziki larriak jarduera sektore zehatzetan, besteak beste, garraioan, metalen industrian edo industria kimikoan.
Gauzak horrela, ibilgailuen ekoizpenak edo produkzio farmazeutikoak, Europarekiko menpekotasun maila handia duten heinean, "ekoizpen mugatuaren eragina nabarituko lukete murrizketa energetikoaren ondorioz".