Ekonomia -

ERREGAIA

Gasolinaren prezioaren igoerak dagoeneko diru-laguntzaren % 75 xurgatu du

Gasolinak, baina, marka berri bat hautsi du, gaur-gaurkoz gasolinaren litroa 1,968 euro ordaintzen baitu erabiltzaileak. Dieselak beheranzko joerarekin jarraitzen du. Bien bitartean, Espainiako Gobernuak iragarri du hiru hilabetez luzatuko duela 20 zentimoko deskontua.

Imagen de archivo de una gasolinera. Foto: EFE
Imagen de archivo de una gasolinera. Foto: EFE
Imagen de archivo de una gasolinera. Foto: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erregaien prezioaren igoerak ez du etenik eta, beste behin, marka berri bat hautsi du. Gaur-gaurkoz, gasolinaren litroa 1,968 euro ordaintzen da, duela zazpi egun baino % 1,44 gehiago, Europar Batasuneko Petrolio Buletinaren datuen arabera.

Batez besteko zenbateko horrek zergak barne hartzen ditu, baina ez du islatzen apirilaren 1etik indarrean sartu zen litroko 20 zentimoko deskontua, hain zuzen ere, hogei zentimo garestitu baita azken bi hilabeteetan gasolinaren prezioa. Gauzak horrela, Aste Santutik gora eta gora dabilen honetan, ordutik hona erregai horrek izan duen garestitzeak laguntzaren % 75 xurgatu du.

Gasolinarena ez bezala, Dieselaren litroaren batez besteko prezioa merkatu egin da berriro, hirugarren astez jarraian, % 0,8ko jaitsierarekin, eta 1,852 eurotan kokatu da.

Duela urtebeteko datuekin alderatuta, gasolina litroaren batez besteko prezioa % 48,4 garestitu da, eta gasolioarena, berriz, % 56,5 garestiagoa da, baina gaur egun indarrean dagoen hobaria kontuan hartu gabe.

Hala ere, gasolinaren prezioa Europar Batasuneko batez bestekoaren azpitik dago Espainian (2,01 euro litroak), baita eurogunekoa (2,073 euro batez beste) baino beherago ere.

Espainiako Gobernuak hiru hilabetez luzatuko du 20 zentimoko deskontua

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, bestalde, asteazken honetan Kongresuan iragarri duenez, Espainiako Gobernuak hiru hilabetez luzatuko du erregaiei 20 zentimo deskontatzea jasotzen duen lege-dekretua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Erregaiak