Ekonomia -

Murrizketa Plana

Kataluniak 1.500 milioi aurreztuko ditu kaleratze eta pribatizazioekin

Helburu hori lortzeko, enpresa publikoetako langile kopurua murriztuko dute, Generalitateko ondarearen zati bat pribatizatuko dute eta tasa berriak sortuko dituzte.

Artur Mas Generalitateko presidentea
Artur Mas Generalitateko presidentea

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Gobernuak 1.500 milioi euro aurrezteko plana onartu du gaur (hirugarrena azken bi urteetan). Helburu hori lortzeko, enpresa publikoetako langile kopurua murriztuko dute, Generalitateko ondarearen zati bat pribatizatuko dute eta tasa berriak sortuko dituzte.

Gobernu bileraren ondoren, Artur Mas kazetarien aurrean agertu da murrizketak azaltzeko, Andreu Mas-Collel Ekonomia sailburuarekin batera. Espainiako Gobernuak exijitutako defizit baldintzak betetzeko plana onartu dutela azaldu du Artur Masek.

"Aurpegia eman" nahi izan duela azpimarratu du Artur Masek. Neurri horiek hartzera "behartuta" egon direla nabarmendu du kazetarien aurrean, "beste batzuek egindako akatsak zuzentzeko". Plan berri honek "deserosotasunak" sortuko dituela onartu du, baina oinarrizko eskubideen eta zerbitzuen "marra gorriak" ez dituela zapaltzen gaineratu du.

Neurri horietaz gain, Generalitateko osagarriak jasotzen dituzten Justizia eta Unibertsitate arloetako Estatuko langileei soldata % 5 jaitsiko dietela iragarri du Artur Masen Gobernuak. Barne Produktu Gordinaren defizita % 1,5ean kokatzeko "gure esku dagoen guztia" egingo dutela adierazi du Artur Masek. Hala ere, ez du datu hori lortuko dutenik baieztatu nahi izan.

Espainiak Kataluniarekin duen zorra kitatu izan balu, ez liratekeela egoera horretan egongo salatu du berriro Generalitateko presidenteak.

Generalitatearen menpe dauden enpresa publikoei eginiko transferentziak "nabarmen" murriztuko dituztela gaineratu du. "Ezin da langile kopuru berdina egon. Bizi dugun egoerari egokitu behar ditugu enpresa publikoetako azpiegiturak".

Kaleratzeak saihesten saiatuko direla esan du Masek, baina, kasu batzuetan "saihestezina" izango dela onartu du.

2012ko diru-sarrerak handitzeko, enpresa publiko ezberdinen pribatizazioa bultzatuko du Kataluniako Gobernuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea