Ekonomia -
Krisia
De Guindos: 'Corralitoa Espainian ematea burugabekeria da'
Luis de Guindosen hitzetan, Greziako krisiaren okerragotzeak ez du Espainia bezalako beste herrialde batzuetan ondoriorik izango.
Erredakzioa
Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroaren hitzetan, Greziako egoera makalak Espainian "corralitoa" eragitea "burugabekeria" da.
De Guindosen esanetan, Greziako krisiaren okerragotzeak ez du Espainia bezalako beste herrialde batzuetan ondoriorik izango; izan ere, ez du Espainiako bankuetako kapitalaren alde-egitea saihesteko bankuen funtsak izoztuko, "ez baitauka zentzurik", De Guindosen hitzetan.
Paul Krugman Nobel sariduna eta New York Timeseko artikugileak joan den asteburuan ohartarazi zuenez, Grezia ekainerako eurotik kanpo egongo da, eta horren ostean, baliteke Espainia "corralito" batean sartzea. Horrek Espainiako eta Italiako bankuetan eragina izango luke; izan ere, gordailugileek "diru-kopuru handiak" aterako lituzkete "beren dirua Alemaniara bidaltzen saiatzeko".
"Lehenik eta behin saiatuko gara Grezia eurotik atera ez dadin, hori baita guztion eta greziarren borondatea", esan du Espainiako Ekonomia ministroak; izan ere, euroa bertan behera uztearen ondorioak lehenik eta behin Greziako hiritarrek pairatuko dituztela adierazi du.
De Guindosen esanetan, merkatuek bizi dituzten tentsioak, batez ere, Greziako krisi politikoak eragin ditu; izan ere, joan den maiatzaren 6an Greziak hauteskundeak egin zituen eta ez zen koalizioko Gobernua osatzeko gai izan.