Ekonomia -

lan eskubideak

Etxeko langileek eta kolektiboek gainerako sektoreekin parekatzea eskatu dute, gehiago luzatu gabe

Ordu gutxitan bi mugarri izan dira sektorearentzat: Kongresuak LANEren 189 hitzarmena berretsi du eta, lehen aldiz, Euskadin hitzarmena negoziatzeko mahaia deitu dute. Langileekin, elkarteekin eta adituekin hitz egin dugu.

Emakume bat, adineko bat zaintzen, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Emakume bat, adineko bat zaintzen, Bilbon
Emakume bat, adineko bat zaintzen, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

Iker Gonzalez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxeko langileek egun berezia dute gaur, egutegian bi marka dituen eguna da, horietako bat, Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) 189. hitzarmena, sektoreko langileen eskubideei buruz, berretsi delako, eta, bestea, lehen aldiz negoziazio mahaia eratzeko deialdia egin delako EAEn, sektoreko lehen hitzarmena negoziatzen hasteko.

Biak elkarren eskutik doazen mugarriak dira, eta, jatorriak ezberdinak dituzten arren, oinarrizko aldarrikapenak berberak dira: beste sektoreetako langileen eskubideekin parekatuta egotea.

Emakume langileen sektorean emakumeak % 95 inguru dira Euskadin, eta, gainera, emakume migratuen presentzia oso handia da, eta, kasu askotan, administrazioarekiko egoera erregularizatzeko prozesuan daude.

Sektorea bi taldek osatzen dute, honako hauek dira:

1-Batetik, lan kontratua izateko zortea dutenak. Emakume horiek euren betebeharra betetzen dute, hau da, Gizarte Segurantzan kotizatu egiten dute, baina lanik gabe geratzen badira, ez dute langabezia saririk jasotzen. Eskubide urraketa hori salatu egin zuten, eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak esan zuen Espainian emakumeak diskriminatzen zirela (sektore feminizatua zelako), baina, gaur egun, Auzitegi europarraren ebazpena gorabehera, oraindik ez dute betetzen.

2-Bestetik, lan kontraturik ez duten emakumeak daude. Estatu osoan sektorearen % 30-40 dira egoera horretan daudenak, Euskadin % 30 inguru. Emakume horiek ez dute eskubiderik, ez dute atsedenaldirik, ez oporrik, ez asegururik, ezta Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarik ere.

Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak salatu duenez, hau guztia betetzea borondate kontu bat da, "lan-eskubideak bete eta betearazi ditzakete 189. hitzarmena berretsi gabe". "Langabezia sariaren betebeharra berehala egin behar dute, epai bat badagoelako". "Etxeko edozein langilek, agiriak izan ala ez izan, eskubidea du agiriak dituen edozein pertsonaren lan-eskubide bera izateko, hori dio Atzerritarren Legeak".

"Garrantzitsuena da Espainiak, behingoz, etxeko langileen eskubideak Espainiako araudian sartzea. 189. hitzarmenarekin bat egiteak langabezia saria bermatzea, soldata errealengatik kotizatzea, erretiroa gainerako langileentzat kalkulatzen den modu berean kalkulatzea... ekarriko luke. Adibidez, asteko orduak 40 ordura murriztea eta, batez ere, gauez lan egiten dutenen egoera arautzea falta da, horiek barne-erregimenean lan egiten baitute", azaldu dute elkartetik. Horri gehitu beharko litzaioke lan-arriskuen legean sartzea, esparru horretan ez dagoelako inolako kontrolik.

Hori guztia "arazo barik arautu daiteke dekretu baten bidez, nahiz eta sektoreko hitzarmen bidez hori ere lor daitekeen. Herrialde askok berretsi dute (189. hitzarmena), eta urte asko igaro dira ondoren araudian sartzeko ", salatu du.

Bestalde, Liz Quintana prokuradore eta EAEren esparruan hitzarmen kolektiboa proposatzeko prozesuan parte hartu duen adituetako batek eitb.eus-i azaldu dionez, Espainiako Gobernuak, 189. hitzarmena berretsi ondoren, sektorea arautzen duen 2011ko dekretua berehala erreformatzea erabakiko du, bere ustean. LANEren gainerako ebazpenek bezala, aplikatzeko 12 hilabeteko epea ematen zaio sinatzen duenari baina, Quintanaren iritzian, "litekeena da lege-dekretu bat onartzea, neurriak arinago indarrean sar daitezen, baina ez dakigu noraino iritsiko den erreforma hori".

"Gai batzuk, langabezia edo besteren bat, urtea baino lehen ezarriko direla ziur gaude, eta beste batzuek denbora gehiago beharko dute", gaineratu du Quintanak.

Euskadiko etxeko langileen hitzarmen kolektiboa

Sektoreko langileentzat zoritxarrez, Confebaskek uko egin dio hitzarmenaren negoziazio mahaiko kide izateari, arlo horretan ordezkaritzarik ez duela argudiatuta, ELAk eta LABek hedabideetara igorritako ohar banatan salatu dutenez.

Quintanaren arabera, hitzarmenak aukera emango lieke langileei erreklamatzeko babesa izateko, gutxienez, dagoeneko aitortu dizkieten eskubideen kasuan. Orain, "langileak kontratatzen dituenaren borondate onaren eta txarraren menpe daude".

Euskadin, Nafarroan edo bestelako erkidegoetan egin daitezkeen negoziazioak, sektoreko hitzarmenari buruz, ez daude lotuta dekretuaren erreformarekin. "Gauza batzuk erreforman sartuko dira, eta beste asko kanpoan geratuko dira, baina hitzarmenaren esparru hau aukera paregabea litzateke bultzada eman eta bertan jasotzeko".

Etxeko emakume langileen profila EAEn

Sektoreko langileen % 95 emakumeak dira eta, horietatik, kopuru handi bat emakume migratzaileak. Gainera, sektorearen barruan, etxeetan modu jarraituan (bertan lan, bertan lo) lan egiten duten emakume asko daude, zaintza lanak ere egiten dituztenak, Liz Quintanak azaldu duenez.

Hain zuzen, lan postu horietan dauden emakumeak dira eskubide urraketak izateko arrisku handiena dutenak, lan baldintza eta kontrol faltagatik. Egoera horretan lan egiten duten emakumeen zati handi batek, gainera, ez du oraindik agiriak legearen arabera izatea lortu.

Gehiengoarentzat, lan merkatuan sartzeko modu ohikoena lanpostu horien bidez izaten da. Quintanaren arabera, "bertan 3-4 urte egoten dira, kontratua sinatzeko duten zortearen arabera. Agiriak izatea lortzen dutenean, gehiengoa lan postu hori uzten saiatzen da, etxeetan bai baina etxean lan eta lo egin barik lan egiten saiatzeko eta, zorionekoak direnek arautuago dauden sektoreetara jausia egitea lortzen dute (garbiketa enpresetan, erresidentziak, ostalaritza…)".

Prozesu horretan dagoen emakumeetako bat Melissa Graves da. Berak hiru urte baino gehiago daramatza lanean Bilbon, eta orain agiriak lortzeko bidean da. Adinekoen zaintzan eman du denbora gehiena, agiriak lortzeko "prozesuan gaudenean erraz lor daitekeen lanpostua da eta".

Etxeko itxialdi zorrotza ezarri zenean, pandemian, lan egiten zuen etxetik irten ezinda geratu zen Melissa. "Niretzako eta zaintzen nuen pertsonarentzako janaria ekartzen ziguten. Nire kasuan, zorionez, asteburuetan lan egin nituen orduan aintzat hartu zituzten, baina arriskua eta beldur handia izan nuen -niri edo zaintzen nuen pertsonari gerta zekigukeena dela eta-. Nik sartutako ordu horiek beste batzuengatik trukatu behar izan nuen, baina nire lankide askok ez zuten zorterik izan, ez zaie aintzat hartu, ez dute egunero dagokigun bi orduko atsedenik izan …". "Kontratua egin duten familien aldetik gehiegikeria handiak izan dira", salatu du.

Melissak, halere, ez zuen halako zorterik izan sektoreari pandemiaren eraginagatik emandako laguntzen kasuan, ezin izan zituen eskatu, ia lau urte hemen egon ostean, oraindik ezin izan duelako administrazioarekiko egoera erregularizatu.

Melissa Hitzarmena Orain kolektiboko kide da, eta sektoreak LABen barruan egitura sindikala izateko lanean ari da. "Duela denbora asko hasi ginen lanean hitzarmena izateko".

ESPARRU LEGALA

1424/1985 Errege Dekretua, abuztuaren 1ekoa, Familia Etxeko Zerbitzuaren lan-harreman berezia arautzen duena.1620/2011 Errege Dekretua, azaroaren 14koa, familia-etxeko zerbitzuaren izaera bereziko lan-harremana arautzen duena.LANEren 189. Hitzarmena, etxeko langileen lan duinari buruzkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA LAB Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak