Ekonomia -
Krisia Grezian
Greziarrek milaka milioi euro atera dituzte banketxeetatik
Greziak bizi duen desoreka politiko eta ekonomikoak eraginda, joan den maiatzaren 7tik, greziarrek 1.000 milioi euro atera dituzte bankuetatik.
Erredakzioa
Gobernu berria eratzeko ezintasunak eta hauteskundeak errepikatzeko deialdiak ezinegona eraman dute Greziarra eta hango herritarrak banketxeetan eta aurrezki kutxetan dituzten milioika euroak ateratzen ari dira.
Real FM irratiak zabaldu duenez, joan den maiatzaren 7tik (hauteskundeen biharamuna) atzora arte 1.000 milioi euro atera dituzte bankuetatik. "Banketxeen sendotasuna oso ahula da une honetan", azpimarratu du Yorgo Provopulos Greziako Bankuko gobernadoreak.
Dena den, egoera hau ez da berria, azken egunetan joera indartu egin bada ere. 2012ko lehendabiziko bi hilabeteetan, adibidez, 10.000 milioi euro atera zituzten herritarrek depositoetan. "2009ko amaieran krisiak eztanda egin zuenetik, bankuek 3.000 milioi euro galtzen dituzte bataz-beste hilero", esan du Nick Maloutzis Greziako Kathimerini egunkariko zuzendariak.