Ekonomia -

Lankidetza

Erakundeek eta Mercedesek ibilgailu elektrikoa eta digitalizazioa lehenesteko protokoloa sinatu dute

Lehendakariak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta multinazionalaren arteko memorandum berriak hainbat baliabide publiko jarriko ditu multinazionalaren esku, arlo “teknologiko-digitalean eta energetiko klimatikoan" hartutako konpromisoen truke.

Jaurlaritzak, Aldundiak eta Mercedesek lankidetza-protokolo berria sinatu dute.Irudia: EITB Media
Jaurlaritzak, Aldundiak eta Mercedesek lankidetza-protokolo berria sinatu dute.Irudia: EITB Media
Lehendakaria, itxaropentsu, Mercedesen 1.200 milioi euroko inbertsioa Euskadira ekartzeko

1:42

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Mercedes-Benzek lankidetza-protokolo berria sinatu dute. Horren bitartez, erakundeek hainbat baliabide publiko jarriko dituzte multinazionalaren esku, enpresaren konpromisoen eta inbertsioen truke.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Emilio Titos Gasteizko Mercedes-Benz lantegiaren zuzendari nagusiak eta Arantxa Tapia sailburuak sinatu dute protokoloa.

Iñigo Urkullu lehendakariak Miñaoko (Gasteiz) parke teknologikoan egindako ekitaldi batean azaldu duenez, memorandumak lehentasuna emango die garraioaren elektrifikazioa lortzera bideratutako I+G+b garatzeari, ekoizpen-prozesuak digitalizatzeari eta jasangarritasunari. "Aurrerapen teknologiko-digitala eta energetiko klimatikoa arlo estrategikoak dira Euskadiren etorkizunentzat eta baita Mercedes-Benzentzat ere", ziurtatu du.

"Lankidetza publiko-pribatuaren aldeko adibide paregabe" horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak jatorri alemaniarreko enpresaren esku jarriko ditu Basque Research Technology Alliance eta Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiako Unibertsitate Prestakuntzako 4GUNE Klusterreko zentroak; Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikaturako TEKNIKA zentroa, eta HETEL, Euskadiko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkartea.

Urkulluk iragarri duenez, Gasteizko lantegiak konpromisoa hartu du bere langile guztiak "ibilgailu elektrikoen fabrikazio digital eta jasangarriko prozesuetarako eskatzen diren profil profesionalen gaitasunetan" hezteko.

Lehendakariak azaldu duenez, erakundeen eta Mercedes-Benzen arteko aurretiazko memorandumek "emaitza onak" eman dituzte; esaterako, % 95eko laneratze-tasa enpresarekin lankidetzan prestatutako ikasleen artean.

"Mercedes-Benzek Gasteizerako aurreikusitako inbertsioak urrats handia izango lirateke ibilgailuen industria osoa eraldatzeko eta lantegia konpainiaren lehiakorrenetako bat izan dadin", defendatu du lehendakariak.

Era berean, automobilgintzaren sektoreak EAEko ekonomian duen pisua azpimarratu du Urkulluk, industria eta zerbitzu aurreratuen sektoreekin duen harremanagatik eta "nazioartean duen jarduera biziagatik".

Lehendakaria, gainera, Mercedes Benz Vanseko buruarekin bilduko da uztailaren 6an Stuttgarten, Alemanian.

Bestalde, Emilio Titos zuzendari nagusiak ziurtatu duenez, konpainiak ez dio Gasteizko lantegian inbertitzeari utziko, baina horretarako "ziurtasuna" behar dute.

Lan hitzarmenaren negoziazioari buruz adierazpenak egin ditu Titosek, kazetarien galderei erantzunez. Arabako lantegiaren buruzagiak azpimarratu duenez, zuzendaritzaren borondatea akordio bat lortzea da, baina ez du elkarrizketen inguruko xehetasunik eman. Adostasuna "kozinatzen" ari direla esan du soilik.

Gatazka Gasteizko lantegian

Instituzioek eta enpresak memoranduma sinatu duten egun berean, zuzendaritzak langileei egindako "xantaia" kritikatu dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek. Diotenez, multinazional alemaniarrak iragarritako inbertsio milioidunak (1.200 milioi euro baino gehiago) lan malgutasun handiagoren truke egin nahi dituzte.

Erakundeak ere jomugan hartu dituzte sindikatuek, eta langileriari eta euskal jendarteari egindako "presiotzat" jo dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Multinazionalak Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Mercedes Benz Arabako Foru Aldundia Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan