Ekonomia -

Mercedes Benz

Gasteizko Mercedeseko sindikatuek erakundeen "presioa" salatu dute, horiek konpainia babestu ostean

Multinazionalak agindu dituen inbertsio milioidunak lan malgutasun handiagoarekin lotu nahi omen ditu. ELA, LAB eta ESK sindikatuen hitzetan, "enpresak dituen asmoen berri izan gabe, horren alde azaltzea larria da, baina are larriagoa da langileriari eskaini dizkioten baldintzak ezagututa egitea"

Gasteizko Mercedeseko bi langile, gaur Gasteizko epaitegietan egin duten elkarreratzean.
Gasteizko Mercedeseko bi langile, gaur Gasteizko epaitegietan egin duten elkarreratzean.
Mercedeseko sindikatuek eta zuzendaritzak 18 hilabete daramatzate lan-hitzarmena izenpetu nahian

1:17

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Mercedeseko zuzendaritzak langileei egindako "xantaia" kritikatu dute gaur ELA, LAB eta ESK sindikatuek. Diotenez, multinazional alemaniarrak iragarritako inbertsio milioidunak (1.200 milioi euro baino gehiago) lan malgutasun handiagoren truke egin nahi dituzte. Hiru sindikatuon esanetan, zuzendaritzak iragarritako inbertsioak "positiboak" dira, baina salatu dute "langileei euren baldintzak kaskartzeko egiten zaien xantaia" ere badela. 

Erakundeak ere jomugan hartu dituzte sindikatuek, horiek enpresari emandako babesagatik eta langileriari eta euskal jendarteari egindako "presiotzat" jo dute. Izan ere, gaur arratsaldean, Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak adostasun-memoradum bat sinatu dute Mercedes Benz Vitoria enpresako zuzendaritzarekin datozen lau urteetarako, horrek iragarritako inbertsioa lotzeko. 

Salatu dutenez, "politikariak enpresaren alde agertzea, lehen unetik, langileriari zein Gasteizko herritarrei errespetu falta da. Enpresak dituen asmoen berri izan gabe, horren alde azaltzea larria da, baina are larriagoa da langileriari eskaini dizkioten baldintzak ezagututa egitea, berauek legitimatzen dituztelako". 

Gasteizko epaitegien aurrean egin duten elkarretaratze batean egin dituzte adierazpenok sindikatuek. Zuzendaritzak proposatutako aldi baterako enplegu erregulazio espedientearen inguruko epaiketa izan da gaur, eta protesta egiteko baliatu dute ELAk, LABek eta ESK-k. Era berean, iragarri dute bihar langile asanblada deitu dutela, zuzendaritzak egindako azken eskaintzaren "garrantzia" kontuan hartuta, hemendik negoziazioan hartu beharreko pausoen inguruko iritzia biltzeko. 

Zuzendaritzarekin lan hitzarmena negoziatzen ari da enpresa batzordea. Atzo, astelehenarekin, proposamen berria egin zien konpainiak, baina enpresa batzordearen gehiengoak baztertu egin zuen. Iturri sindikalek azaldu dutenez, lan poltsako orduen proposamenari eutsi diote, eta honakoak eskaini: malgutasuna handitzea, plusak izoztea eta 2021eko soldatak bere horretan mantentzea. 

Bestalde, CCOOk mobilizazioa deitu du biharko (14:00etan) Mercedeseko atarian, "hitzarmenaren, langileriaren etorkizunaren eta etorkizuneko plan industrial baten alde". 

Jaurlaritzaren eta Aldundiaren erreakzioa

Sindikatuek egindako kritikei erantzunez, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du Mercedeseko lantegiak aberastasuna, enplegua eta ondasunak sortzen dituela eta alde horretatik "oso garrantzitsua" dela bere jarduna. 

Horren ustez, lantegi horren "egungo jarduera eta etorkizuna bermatzea nahitaezkoa da denon ongizatea bermatzeko", eta hartara, espero du "elkarrizketaren eta akordioaren bidez" hori lortzea. 

Bestalde, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia "kezkatuta" agertu da sindikatuek duten jarrerarekin. Ohartarazi dienez, "gatazka bidal daitekeen mezurik okerrena da". 

Gonzalezek uste du badela sindikatuen eta zuzendaritzaren artean "elkarrizketarako eta akordiorako" lekua. Azpimarratu duenez, egungo transformazio ekonomikoaren ingurumarian, "denok egin behar ditugu eginahalak". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Eusko Jaurlaritza berriak ELA LAB Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Mercedes Benz Lan gatazkak ESK Arabako Foru Aldundia azken orduko albisteak Automobilgintzari buruzko albisteak CCOO