Ekonomia -
% 8,5ean zegoen
Gobernuak % 8,9ra igo du 2011ko defizita, erkidego batzuen datuengatik
Neurri handi batean, Madrilek, Valentziak eta Gaztela eta Leonek eragin dute igoera. Edonola ere, aurten % 5,3ra jaisteko aurreikuspena bere horretan mantentzen du Gobernuak.
Erredakzioa
Gobernuak % 8,5etik % 8,9ra igo du 2011ko defizita, Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak ohar batean jakitera eman duenez.
Informazio horren arabera, hainbat erkidegoetako defizit emaitzek eragin dute igoera. Bereziki, Madrilek eta Valentziak beren defizitaren emaitzetan izan duten igoerak eragin du Estatu mailako zenbatekoak ere gorantz egitea. Andaluziaren eta Gaztela eta Leonen datuek ere izan dute eragina, guztiek ere hasieran iragarritakoa baino desbideratze handiagoak izan zituztelako 2011n.Zehazki, eginda eta ordaintzeke dagoen gastuak eragin du igoera (joan den martxoan 2011ko datuen behin behineko itxiera egin zen arren, bertan ez ziren orain jakin diren datu horiek jasotzen).
Ostegun honetan, erkidegoen murrizketa planei baiezkoa eman die Gobernuak (Asturiasena bakarrik bota du atzera), eta, Ogasun Ministerioak azaldu duenez, plan horiek dagoeneko erkidego horien desbideratzeak kontuan hartuta egin dira.
Beraz, Gobernuak bere horretan mantentzen du aurten Administrazio publikoaren defizita % 5,3ra eta erkidegoena % 1,5ra jaisteko aurreikuspena.