Ekonomia -
GIPUZKOA
Bazkardoko lotunean, Andoainen, sortzen diren trafiko-korapiloak arintzeko biaduktua 2026an egongo da prest
N-1 eta A-15 errepideen arteko loturan auto-ilarak amaitzeko lanak 2024. urte hasieran abiatuko dira. Proiektu honen helburu nagusiak bi errepideen arteko loturan segurtasuna handitzea, zarataren arazoari aurre egitea eta trafikoa arintzea dira.
EITB MEDIA
Gipuzkoako Foru Aldundiak argi berdea eman dio A-15 eta N-1 errepideen arteko lotura hobetzeko proiektuari, Bazkardoko bidegurutzean (Andoainen), hain zuzen. 75 milioiko aurrekontua du, eta 28 hilabete iraungo dute lanek.
Sapa enpresaren parean bidezubi luze eta konplexu bat eraikiko da, Gasteizko noranzkoan, N-1 eta A-15 lotzen dituen errepidean (Urumeako autobidea) egon ohi diren auto-ilarak saihesteko. Halaber, Txistokiko zubia zabalduko da, eta Ikastolako bihurgunea zuzenduko.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuak gaur goizean Donostian emandako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentziak aste honetan lizitatuko ditu eraikuntza-proiektu "garrantzitsu" hori idazteko lanak.
Proiektu honen helburua "bi errepideen arteko loturan segurtasuna handitzea, zarataren arazoei aurre egitea eta trafikoa arintzea" da, Oiarbidek adierazi duenez; izan ere, Bazkardoko lotura-puntua da Gipuzkoan dagoen gune konplexuena.
Olanoren arabera, eraikuntza hori "erronka handia" izango da; izan ere, obrak "N-1 errepidean egunero ibiltzen diren 70.000 ibilgailu ingururen trafikoarekin uztartu beharko dira". Era berean, proiektu honetarako, Andoaingo herritarren eta Udalaren eskaerak kontuan hartu direla zehaztu dute.
Datorren ostiralean Bidegiko Administrazio Kontseiluan onartuko den eraikuntza-proiektua idazteko, hainbat alderdi hartuko dira kontuan, hala nola aldez aurretik egindako trazadura-proiektua, alegazioak, zarataren aurkako neurriak edo Mimendi parean jarriko den estalkia.
Dena ondo bidean, lanak 2024an hasi eta 2026an amaituko direla aurreratu dute, 28 hilabeteko lanen ondotik.