Itxi

Ekonomia

INE

Hego Euskal Herriko herritarren % 15,35 pobrezia edo bazterketa arriskuan daude

Agentziak | EiTB Media

Hala ere, Nafarroak Espainiako Estatuko tasarik txikiena du, % 14,7. Euskal Autonomia Erkidegoan, pobrezia eta bazterketa arriskuak gora egin zuen iaz % 16raino. 2020an, % 13,9ko portzentajea izan zuen EAEk.

  • Pertsona etxegabe bat, Donostian. Artxiboko argazkia: EFE

    Pertsona etxegabe bat, Donostian. Artxiboko argazkia: EFE

Pobrezia edo bazterketa arriskuan dagoen biztanleriaren kopuruak gora egin zuen iaz Hego Euskal Herrian, eta % 15,35ean kokatu zen. Hala ere, Nafarroak Espainiako Estatuko tasarik txikiena du, % 14,7. Euskal Autonomia Erkidegoan, pobrezia eta bazterketa arriskuak gora egin zuen iaz % 16raino. 2020an, % 13,9ko portzentajea izan zuen EAEk.

Espainiako Estatistika Institutuak (INE) Bizi-baldintzen Inkesta argitaratu du asteazken honetan. Espainiako Estatuan herritarren % 27,8 pobrezia arriskuan daude, iaz baino zortzi hamarren gehiago.

Arope tasaren definizio baten bidez zenbatu dute portzentajea, hiru egoera hauetako batean aurkitzen den biztanleria neurtuz: pobrezia arriskua, gabezia material eta sozial larria edo enplegu jarduera txikia.

Euskadik pertsonako batez besteko dirusarrera altuenak izan zituen Estatu mailan, 15.544 euro; ondoren Foru Erkidegoak, 15.269 euro. Espainiako batez bestekoa 12.269 eurokoa izan zen 2021ean.

Hala ere, Euskadiko dirusarrerak 2020an baino % 1,7 txikiagoak izan ziren. Orduan, batez beste 15.813 eurokoak izan ziren, Estatu osoko altuenak ere.

Pobrezia arriskuak gora egin zuen Euskadin 2020rekin alderatuta; % 9,8an kokatu zen, hau da, 2,2 puntu handiagoa. Estatuko bigarren tasarik txikiena da. Portzentajerik txikiena Nafarroak du.

Oporrak, gastuak eta ordainketak

Bestalde, INEk familien zailtasun ekonomikoak aztertu ditu: gutxienez astebetez oporretan joan ahal izatea, espero ez diren gastuei aurre egiteko gaitasuna, ordainketak atzeratzera behartuak izatea eta hilabete bukaerara iristeko zailtasunak.

Dirusarrerekin hilabete bukaerara iristeko zailtasun handiak dituzte herritarren % 4,6k EAEn; Estatuan % 8,8k. Euskadi zailtasun txikienak dituen bigarren erkidegoa da, Errioxaren (% 3,1) atzetik.

Gutxienez astebetez oporretan joaterik ez duten biztanleen portzentajea % 16,4koa da EAEn, 2020an baino gutxiago (% 18). Espero ez diren gastuei aurre egiteko pertsonen proportzioak ere hobera egin du; izan ere, % 19tik (2020) % 18,4ra murriztu da 2021ean.

Bi portzentajeak Estatuko txikienak dira. Espainiako herritarren % 32,7k ezin dute oporretan joan, eta % 33,4k ezin diete gastuei aurre egin.

Azkenik, Euskadiko herritarren % 8,8k ordainketak atzeratu behar dituzte, bigarren portzentajerik baxuena, Errioxaren atzetik. Estatuko batez bestekoa % 14,4koa da.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena