Ekonomia -
ALEMANIA
Abian da Urkullu eta Mercedeseko zuzendaritzaren arteko bilera, 1.200 milioiko inbertsioa lotzen saiatzeko
Alemanian da atzotik lehendakaria, eta, gaur, Mercedes-Benzeko presidentearekin du hitzordua. Multinazionalak Gasteizko plantarako iragarri zuen 1.200 milioi euroko inbertsioa lotuta utzi nahi du.
EITB MEDIA
Mercedes-Benz enpresak Gasteizen duen plantako zuzendaritzak eta langileen-batzordeak negoziazioei berrekin eta biharamunean, Iñigo Urkullu lehendakaria multinazionalaren zuzendaritza nagusiarekin batzartuko da gaur goizean Stuttgarten, Alemanian.
Konpainia alemaniarrak ekainaren hasieran Gasteizko lantegirako iragarritako 1.200 milioi euroko inbertsioa lotzea da bileraren helburu nagusia, eta, hori lortzeko, Euskadik inbertsiorako duen "erakargarritasuna" azaltzen ahaleginduko da Urkullu. Hala ziurtatu zuen atzo Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak. Horren hitzetan, bilera honek ez du zerikusirik lan-gatazkarekin, eta batzarra joan den martxoaren 1etik adostuta dagoela ziurtatu zuen.
Jaurlaritzako iturrien arabera, Mercedes-Benzeko arduradunekin harreman "iraunkorra" dute, multinazionalak Euskadin duen jardueraren jarraipen zuzena egiteko.
Halaber, Radio Euskadin atzo egindako elkarrizketan, Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak jarrerak malgutzea eskatu zien sindikatuei eta Gasteizko Mercedes plantako zuzendaritzari. "Albiste ona da mahaia berriz biltzea. Ulertzen dugu konplexua dela, baina bi aldeek jarrerak malgutu behar dituzte akordio batera iritsi ahal izateko", esan zuen.
Enpresa-batzordea, zatituta
Lan-hitzarmena berritzeko negoziazioei berrekin zieten atzo Gasteizko Mercedes-Benzeko arduradunek eta sindikatuek, langileak mobilizazio bete-betean direla. Zuzendaritzak zenbait proposamen jarri zituen mahai gainean, baina eskaintzak ez zituen langileak asebete. Halere, UGT, CCOO, PIM eta Ekintza sindikatuek osatzen duten gehiengoak uste du "aurrerapausoak" badaudela, eta bertan behera utzi dituzte gaurko deituta zuten lanuztea negoziatzen jarraitzeko. Aldiz, ELA, LAB eta ESK sindikatuek proposamena euren eskarietatik oso urruti dagoela iritzi diote, eta uste dute mobilizazioei eustea ezinbestekoa dela presionatzen jarraitzeko. Azken bloke horrek gaurko deituta zuen lanuzteari eutsi egin dio.
Besteak beste, 2022an soldatak % 5 igotzea eta 750 euroko hamabosgarren ordainketa eskaini dizkio enpresak lan-batzordeari, baina asteko seigarren gaua mantenduta.
Bihar, osteguna, berriro bilduko dira sindikatuak eta zuzendaritza.