Ekonomia -
teknologia
Tecnaliak 120 milioi euro fakturatu ditu 2021ean eta 1.200 bezero lortu ditu; horietako % 72, ETEak
Zentroak 10,6 milioi euro inbertitu ditu hornikuntzan eta azpiegituretan, aurreko urtekoaren bikoitza.
agentziak | eitb media
Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak "120 milioi euroko fakturazioa" izan du 2021ean; hau da, aurreko ekitaldian baino ia % 5,63 gehiago fakturatu du, eta pandemia ondoko jarduera egonkortu egin da. Hala, Tecnaliak % 15 handitu du enpresekin duen jarduera azken ekitaldian.
Alex Belaustegi Tecnaliako presidenteak eta Jesus Valero zuzendari nagusiak prentsaurrekoa egin dute Donostian aurreko jarduneko emaitzen balantzea aurkezteko. "Onak" direla esan dute, "izugarri aldakorra" den mundu batean "ziurgabetasun" testuinguruan egon arren.
Belausteguik nabarmendu duenez, Tecnaliak kide dituen "enpresen erresilientziari" lagundu dio; 9.000, zentroaren 10 urteko jardunean zehar.
Valerok, bestalde, adierazi du urte "zoragarria" izan dela "testuinguru zail" batean, eta Tecnaliak emaitza "positiboak" lortu dituela hala ere.
Testuinguru horretan, Deloittek Tecnaliaren jarduerak duen eraginari buruz egindako azterketaren arabera, "enpresa batek 2021ean I+Gan inbertitu duen euro bakoitzeko 12 euroko diru-sarrera" egin da haren emaitza-kontuan, eta "euskal Administrazio batek Tecnalian inbertitzen duen bakoitzeko, zentroak 24 euroko ekarpena egiten dio euskal BPGari".
Gaineratu duenez, "zentro teknologikoko lanpostu bakoitzeko, kanpoko 6,5 lanpostu mantentzen laguntzen dugu" eta "Tecnaliako Administrazioak inbertitutako euro bakoitzeko, 2,9 milioi euroko itzulkina sortzen da". "Zifra horiek nabarmen hobetu dira 2021ean, eta erakutsi dute Tecnaliaren eredua erabat beharrezkoa dela euskal ehun industrialari nazioartean lehiakor izaten laguntzeko", erantsi du.
Bestalde, nabarmendu du Tecnaliak 10,6 euro inbertitu zituela iaz hornikuntza zientifiko eta teknologikoan eta azpiegituretan, 2020koaren bikoitza, eta aurreikusi du aurten "zifra hori gaindituko" dutela, 11,6 milioi euroko inbertsioarekin.