Ekonomia -

Antxoa

Antxoaren egoera ona da Bizkaiko Golkoan

AZTI zentro teknologikoak eta Eusko Jaurlaritzak Bioman kanpaina zientifikoaren behin-behineko emaitzak aurkeztu dituzte. Hain zuzen, aurten, 230.000 tona antxoa heldu inguruko biomasa kalkulatu dute; espeziearen iraunkortasuna bermatzen duen gutxieneko balioa 21.000 tonakoa da.

Bioman kanpainak berretsi duenez, antxoaren egoera ona da. Argazkia: AZTI.
Bioman kanpainak berretsi duenez, antxoaren egoera ona da
Bioman kanpainak berretsi duenez, antxoaren egoera ona da. Argazkia: AZTI.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bioman kanpaina zientifikoak, alegia, urtero antxoaren biomasa aztertzen duen kanpainak, espezieak Bizkaiko Golkoan duen egoera ona berretsi du. Hala, AZTI zentro teknologikoak eta Eusko Jaurlaritzak kanpainaren behin-behineko emaitzetan aurkeztu dutenez, 230.000 tona antxoa heldu inguruko biomasa kalkulatu dute kanpainan; zentroak zehaztu du espeziearen iraunkortasuna bermatzen duen gutxieneko balioa 21.000 tonakoa dela.

Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak, Rogelio Pozo AZTIko zuzendari nagusiak eta sektoreko ordezkari batzuek aurkeztu dituzte ostegun honetan, Donostian, antxoaren kanpainaren datuak. 2022ko arrantzu-aldian, 6.528 tona harrapatu dituzte euskal ontziek, eta lonjan 1,58 €/ kg-ko batez besteko prezioa izan du antxoak.

"Emaitzen arabera, espeziearen stocka egoera onean dago Bizkaiko Golkoan. Berri bikainak balioa ematen dio urtean zehar Euskal Autonomia Erkidegoan 3.500 pertsonari baino gehiagori lana ematen dien baliabide baten ingurumen- eta arrantza-sektorearen iraunkortasunaren alde egin dugun apustuari", azpimarratu du Orozek.

Rogelio Pozo AZTIko zuzendari nagusiak, halaber, azken urteetan kanpaina horien emaitzek izan duten joera positiboa azpimarratu du, eta baikor agertu da datorren urteko arrantzu-aldiari dagokionez. "Banako guztiak kontuan izanik, aleen % 55 1 adinekoak dira; batez besteko zifra ertain-altua da, serie historikoaren batez bestekotik gora dago, eta 2023ko arrantzu-aldiak emaitza positiboak izan ditzakeela aurreikusten du", adierazi du.

Kanpaina maiatzean egin da, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Arrantza Idazkaritza Nagusiko Emma Bardan eta Vizconde de Eza ontzi ozeanografikoetan, eta, ondoren, laginak aztertu dira AZTIko laborategietan. Urte-amaieran, antxoaren biomasaren behin betiko zenbatespena lortuko da; Bioman 2022tik ez ezik, Pelgas 2022 eta Juvena 2022 kanpainetatik eta arrantzu-aldiko harrapakinetatik jasotako datuen analisi bateratutik abiatutako emaitzak izango dira, AZTIren arabera.

Gainera, 2016tik, Biomanek ez du antxoaren biomasa bakarrik aztertzen; ikuspegi ekosistemikoa ere badu. Itsasoen iraunkortasunaren aldeko apustu integrala da, eta, arrainen biomasaz gain, horien elikadura (zooplanktonaren eta iktioplanktonaren azterketa) eta habitata ere ebaluatzen ditu, harrapakariei (zetazeoak eta hegaztiak barne), aldagai ozeanografikoei (itsasoko uraren funtsezko propietate fisikoak, hala nola tenperatura, gazitasuna, eta abar) dagokienez: "Azken 35 urteetan, antxoen elikagaiaren goranzko joera ikusi dugu. Zooplanktona, eta, zehatzago, kopepodoak –krustazeo txikiak dira, zooplanktonaren ia % 70 osatzen dutenak– % 2,4 hazi dira hamarkada bakoitzean, eta hori albiste ona da, elikagairik gabe arrainik ez dagoelako", diote zentro teknologikotik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Antxoak albisteak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Arrantza