Itxi

Ekonomia

Elkarrizketa

Amundarainek Mercedesen hitzarmenerako aurrerapausoak ematen jarraitzeko deia egin du inbertsioa bermatzeko

O. P. | EITB Media

Eusko Jaurlaritzak Alemaniara egin berri duen bidaian izan da Industria sailburuordea, eta adierazi du alde guztien jarrera oso ona dela, eta lan-hitzarmenean aurrera egitea eta lantegiaren jarduera bermatzea funtsezkoa izango dela Mercedes-Benz enpresaren zuzendaritzarentzat.

  • Mikel Amundarain, gaur Radio Euskadin. EiTB Media

    Mikel Amundarain, gaur Radio Euskadin. EiTB Media

Mikel Amundarain Industriako sailburuordeak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan adierazi duenez, Alemaniako Mercedes-Benzeko zuzendaritzak azpimarratu die garrantzitsua dela Gasteizko lantegian akordioan aurrera egitea, "lantegiaren jarduera ziurtatzeko", akordio hori erabakigarria izango baita Alemaniako multinazionalaren inbertsio-apustua berretsi edo sendotzeko. Horregatik, Amundarainek txalotu egin ditu hitzarmenaren negoziazioaren esparruan ematen ari diren urratsak, eta pausoak ematen jarraitzeko dei egin du. 

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua buru zituela, duela gutxi Alemaniara joan den Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan parte hartu Amundarainek eta oso positibotzat jo du Mercedes-Benzeko zuzendaritzarekin izandako bilera. Azpimarratu du alde guztiek "jarrera ona" dutela multinazionalak ibilgailu modelo elektrikoaren fabrikazioa Gasteizen kokatzeko inbertsioa ziurtatzeko. 

Hitzarmenaren inguruan piztutako lan-gatazkari buruz azpimarratu duenez "gatazkak ez dira inoiz onak, eta, noski, ez dira onak Gasteizentzat, Arabarentzat eta Euskadirentzat hain garrantzitsua den inbertsioa negoziatzen ari direnean ere". Hori dela eta, Gasteizko Mercedeseko zuzendaritzari eta batzordeari dei egin die negoziazioan aurrerapausoak ematen jarraitzeko, "hitz egitera eseri eta lantegian akordiorako puntuak bilatzen" jarrai dezaten.

Amundarainek gogorarazi du lankidetzarako MOU bat sinatu dela "euskal ekosistema zientifiko-teknologikoa zein industriala Mercedesen esku jartzeko"; hala, multinazionalari "ingurune erakargarri bat proposatu diezaiokegu inbertsio hori Gasteizen finkatu ahal izateko". Sailburuordearen arabera, multinazionalak begi onez ikusi du aurkeztutako ekosistema hori; izan ere, "automobilgintzaren sektoreak dituen erronken barruan, eraldaketaren aldeko apustua egiten ari den ekosistema da gurea, bateriei, ibilgailu autonomo eta konektatuari edo zibersegurtasunari lotutako proiektuekin; eta horiek nolabait osatu egiten dute Gasteizko Mercedesen lantegiak dituen berezko gaitasunak", azpimarratu du.

Siemens Energyrekin izandako bilerari dagokionez, Amundarainek nabarmendu du konpainiak berriro adierazi diela "arazoa ez dagoela langileengan, enpresaren finantza-ziurgabetasunarekin baizik. Konpainiaren finantza-egoerarekiko kezka azaldu digute, emaitza negatiboetatik baitator, eta horrek, bizi dugun ziurgabetasun-egoeran, tentsioa areagotzen du".

Sailburuordearen arabera, "lehentasuna orain konpainia egonkortzean eta inbertsioei aurre egiteko finantza-merkatuetan konfiantza sortzean dago". Adierazi duenez, Siemensek "garrantzitsutzat jotzen ditu Euskadik eta Siemens Gamesak Euskadin dituen gaitasunak, bai industriaren aldetik, bai zientzia eta teknologiaren eta garapenaren aldetik" eta elkarren arteko komunikazioa etengabea dela azpimarratu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena