Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

LAB: "Mercedesen gatazka zuzendaritzak sortutako arazo bat da, 261 milioiko dibidenduak banatu ditu"

Igor Arroyo sindikatuko koordinatzaile nagusiak hiru gai aipatu ditu negoziazioan aurrera egiteko: soldatak KPIaren arabera igotzea, soldata eskala bikoitza kentzea eta seigarren gauari muzin egitea. Horiei helduta, LAB "prest" dago atzera egiteko, "baina, zoritxarrez, ez gaude puntu horretan".

Arroyo, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Arroyo, elkarrizketaren une batean.
Arroyo, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igor Arroyo LABeko koordinatzaile nagusiak salatu duenez, Gasteizko Mercedes lantegiko gatazka "zuzendaritzak sortutako arazo artifizial bat da", izan ere, etekin handiak dituen enpresa da. Hala azaldu du 261 milioi euroko dibidenduak banatu dituela aurten eta langileei bideratutako gastuak % 6 baino ez direla. Hori horrela, Arroyoren ustez, enpresak egindako proposamena —seigarren gauari muzin egitea eta KPIaren azpiko soldata igoera— "ez da nahikoa, enpresak ezin du justifikatu langileek eros ahalmena galtzea". Are gehiago, azpimarratu du lan baldintzetan atzera egitea "arduragabekeria" dela zuzendaritzaren partetik. 

Bilera dute gaur Mercedeseko zuzendaritzak eta sindikatuek eta horren inguruan galdetu diote Arroyori Radio Euskadiko "Boulevard" saioan. Argitu duenez, LAB prest dago negoziatzeko eta "mobilizazioen egutegia berriro aztertzeko", betiere hiru gairen inguruan "aurrerapausoak" badaude. Honakoak aipatu ditu: soldatak KPIaren arabera igotzea, soldata eskala bikoitza kentzea (lehen bost urtean baldintza ezberdinak izaten dituzte langileek) eta seigarren gauari muzin egitea —horretan atzera egin du zuzendaritzak—. Dena dela, deitoratu duenez, "zoritxarrez", Mercedes ez dago "puntu horretan"

Erakundeen auzian duten paperaz, Garbiñe Aranbururekin batera LABeko koordinatzaile nagusi denak esan du "politika industriala falta" dela, eta salatu du erakunde publikoak "patronalaren alde" jarri direla, "jarrera neutro bat edo langileen alde agertu beharrean". "Oso kritikoak gara horrekin", gaineratu du. 

Azkenik Raul Arzak (UGT Euskadi) egindako kritikei erantzunez, Arroyok honakoa kritikatu du: "UGT eta CCOO enpresaren makulu gisa aritzen dira. Zuzendaritzak norekin adostu nahi duen pentsatu beharko du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LAB Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Mercedes Benz Sindikatuak Lan gatazkak Automobilgintzari buruzko albisteak