Ekonomia -

Eraikuntzako hitzarmena

ELAk ontzat eman du patronalaren proposamena eta, Gipuzkoako Eraikuntzaren hitzarmena sinatuko du

Hiru urterako soldata-igoerak, lanaldi-murrizketa eta lizentzien hobekuntzak adostu dira, baita osagarrien eta kalte-ordainen beste hobekuntza batzuk ere. Gainera, hitzarmena aplikatzeko lehentasuna gehitu da, Estatukoaren aldean. Asteartean sinatuko da hitzarmen berria.

ELA sindikatuaren prentsaurrekoa, gaur. @ELAsindikatua
ELA sindikatuaren prentsaurrekoa, gaur. @ELAsindikatua
ELA sindikatuaren prentsaurrekoa, gaur. @ELAsindikatua

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Eraikuntza sektorerako hitzarmena sinatuko du ELAk astelehen honetan langile batzordearen gehiengo zabalak ontzat eman baitu patronalak egindako azken proposamena. 

Sindikatuaren ustez, proposamen horrek "oso alderdi positiboak" jasotzen ditu eta "erakunde honek [ELAk] hasieratik planteatutako helburuei erantzuten die, hala nola KPIa bermatzea, lanaldia-murriztea edo hitzarmena bera blindatzea".

ELAk Donostian emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, hitzarmenaren edukiek hiru urteko indarraldia dute (2022-24). Akordioari esker, 2022an % 4 igoko dira soldatak, 2023an KPI + % 1,25 eta 2024an KPI + % 1,25. Halaber, lanaldia 6 ordu murriztuko da. 

Lizentzietan ere hobekuntzak aurreikusten ditu, besteak beste, 16ra igo dituzte laguntzagatiko orduak, eta ospitaleratzerik gabeko ebakuntzagatiko zaintzetarako bi eguneko eskubidea gehitu da. Era berean, heriotzagatiko, erabateko ezintasun iraunkorragatiko eta ezintasun iraunkor osoagatiko kalte-ordainak 150.000 euroraino igoko dira.

Horrez gain, in itinere istripua izan eta aldi baterako ezintasuna duten pertsonek soldataren % 100 kobratuko dute bajaren lehen egunetik aurrera, eta obra-kontratuaren amaieragatiko kalte-ordainak soldata osoaren % 7 izatera igaroko dira.

Gaueko lanaren osagarria oinarrizko soldataren % 25 izango da, eta lan-egutegia behar bezala aplikatzen dela bermatzeko hobekuntzak gehitzen dira, ordutegi-erregistroa gehiago kontrolatuz. Gainera, obra bakoitzeko prebentzio-baliabideak gutxienez obra-arduradunaren kategoria izan beharko du bere lana behar bezala egin ahal izateko.

Era berean, hitzarmena aplikatzeko lehentasuna gehitu da, estatukoaren aldean, eta hobetu egin da hitzarmena aplikatzeko bermearen egungo 48. artikulua; halaber, hitzarmenak aurreraeragin mugagabearekin eta hitzarmena alde bakarretik ez aplikatzea saihesten duen klausularekin jarraituko da.

Patronalarekin astearte honetan sinatuko da hitzarmena, Lan Harremanen Kontseiluaren (PRECO) Donostiako egoitzan egingo den bileran.

ELAk, sektorean % 72ko ordezkaritza duen sindikatuak "prekarietaterik gabeko sektore bat" eskatu du, baita "obrak lizitatu eta esleitzen direnean hitzarmena aplikatzea eta laneko segurtasun eta osasun arauak errespetatzea" ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak