Ekonomia -
Offshore haize energia
Zer da eta zertarako balio du Bizkaiko kostaldean paratu duten plataforma flotatzaileak?
Saitec EAEko ingeniaritza konpainiak garatu du hormigoizko plataforma berritzailea. 2025ean, Armintzako Portuaren parean, itsasoan, ezarriko den Estatuko lehen parke eolikoaren oinarria da. Ordura arte, hegaztiengan eta itsas ugaztunengan duen eragina neurtuko dute, baita arrantzan duena ere.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Hormigoizko plataforma flotatzaile erraldoi bat dago gaurtik Bizkaiko kostaldean. Zehazki, Armintzako Portutik (Lemoiz, Bizkaia) bi miliatara (10 bat kilometro) eta 85 metroko sakoneran paratu dute, eta etorkizun hurbilean, 2025ean, Espainiako Estatuko itsasoko lehen parke eolikoa ezarriko dute bertan (Geroa izena jarri diote). Hiru urte horietan, proba pilotua egongo da martxan, eta ingurumenean duen eragina aztertuko dute.
Unitate flotatzaile berritzaile hori Saitec EAEko ingeniaritza konpainiak garatu du oso-osorik, puntako teknologia baliatuta. SATH izeneko teknika horri esker, itsasoa sakona den lekuetan aerosorgailuak jar daitezke, eta hori da, hain justu, euskal kostaldearen kasua. Izan ere, Kantauri Itsasoan sakonera handian dago plataforma kontinentala, ez halako haize-sorgailuak ezin dira bertara lotu. Gakoa, beraz, Euskadin sortu eta garatutako plataforma flotatzailea da.
Uretan flotatzen duen unitate horrek katamaran itxura du, eta lekuari eusteko sei kate berezi ditu (horiek ere EAEn sortuak dira, Vicinay Cadenasek eginak). Hori horrela, egiturak bira egiten du, haizearen eta korronteen arabera.
Proba pilotuak dirauen hiru urteetan, lurreko aerosorgailu bat izango du gainean (2 megawatt), eta 2.000 bat etxebizitza hornituko ditu argindarrez.
Kostaldearen berezitasunak tarteko, offshore energia eolikoa (itsasoan jartzen dena) probatu gabekoa zen Euskal Herrian. Europako beste herrialde batzuetan, Belgikan esaterako, hainbat parke dituzte, baina han sakonera gutxiago du itsasoak. Kasu horietan, haize-sorgailuak oinarri finko bati lotzen zaizkio, gehienez, 60 metroko sakoneran.
Geroa proiektuarekin, egoera irauli eta itsasoko parke eoliko batekin energia sortzeko gai izango da EAE. Marka izango da, argindar sareari lotutako lehen itsas parke eolikoa izango baita. Aurreikuspenen arabera, 45 megawatt sortuko ditu, 50.000 etxebizitza energiaz hornitzeko adina.
2025era arte, plataforma horrek hegaztiengan eta itsas ugaztunengan duen eragina neurtuko dute (hasiak dira horretan hainbat ingurumen enpresarekin), baita arrantzarengan duena ere.