Ekonomia -

Europako Banku Zentrala

Zertan datza arrisku-sariak gora egitea eragozteko EBZren mekanismoa?

Ezohiko neurri bezala, edozein estatu kideren zorra erostean datza, erakundearen beraren irizpidearen arabera. Horrela, merkatuak herrialde batzuk zigortzea eta zorraren truke eskatzen dieten errentagarritasuna areagotzea saihestu nahi du.

Burtsa. Artxiboko argazkia: EFE
Burtsa. Artxiboko argazkia: EFE
Burtsa. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zatiketaren aurkako mekanismo bat sortzea erabaki du gaur Europako Banku Zentralak (EBZ), euroguneko herrialde batzuen arrisku-sariak gora egitea eragozteko. Horrela, estatuen finantziazio baldintzak justifikaziorik gabe okertzea saihestu nahi du.

Transmisioa Babesteko Tresna (Transmission Protection Instrument edo TPI) da. EBZk moneta politikaren transmisio eraginkorra bermatzeko beharrezko ikusten du. Ezohiko neurri bezala, edozein estatu kideren zorra erostean datza, erakundearen beraren irizpidearen arabera.

Horrela, merkatuak herrialde batzuk zigortzea eta zorraren truke eskatzen dieten errentagarritasuna areagotzea saihestu nahi du, prezioen egonkortasuna bermatzeko orduan oztopo izango litzatekeelako, hau da, inflazioa % 2 inguruan kokatzea.

EBZren beste tresna bat izango da TPI, eta zor merkatuaren mugimendu "desordenatu eta arrazoi gabeei aurre egiteko" martxan jarriko dute, diru politikaren transmisioa eurogune osoan mehatxupean dagoenean.

Horrela, egoera ekonomiko txarra ez duten herrialdeen finantziazio baldintzak okertzen direnean, bigarren merkatuan estatu horietako zorra erosi ahalko du Eurosistemak. EBZk erantsi duenez, erosketen bolumena diru politika transmititzeko arriskuen araberakoa izango da.

Zatiketaren aurkako mekanismoarekin edozein estatu kideren zor publikoa erosiko dute, baina zor pribatua ere erosteko atea zabalik utzi du EBZk, "beharrezkoa baldin bada".

TPIren erosketak martxan jartzeko, Europar Batasunaren (EB) marko fiskala bete beharko du herrialdeak, hau da, gehiegizko defizita edo desoreka makroekonomiko larririk ez izatea. Era berean, jasangarritasun fiskala eta politika ekonomikoa kontuan izango dituzte.

TPI erosketa programarekin, Eurosistemak gainerako hartzekodunen tratu bera onartzen du, zor publikoari dagokionez.

Hala ere, "ezohiko" mekanismoa martxan jarri baino lehen, pandemiari aurre egiteko larrialdi erosketa programa (PEPP) erabiliko duela errepikatu du EBZk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Europar Batasuna Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak EBZ