Ekonomia -
Energia
Espainiak Europari igorriko dion plana aldez aurretik erkidegoekin eztabaidatzea proposatu du Jaurlaritzak
Era berean, dekretua ezartzeko orduan "sektore bakoitzaren egoera kontuan hartzea" eskatu du Gasteizko Gobernuak.
EITB media
Eusko Jaurlaritzak begi onez ikusi du Espainiako Gobernuak eta erkidegoek energia aurrezteko dekretua hizpide gaur egindako bilera, baina dei egin du "sektore eta establezimendu bakoitzaren egoera" kontuan hartzeko neurri horiek ezarri ahal izateko. Era berean, Pedro Sanchezen Exekutiboak Europari igorriko dion plana aldez aurretik erkidegoekin eztabaidatzea proposatu du.
Gaurko bileran, erkidego guztiek dekretua betetzeko borondatea erakutsi dute, eta Espainiako Gobernuak iragarri du mantendu egingo duela bere horretan.
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapenerako Sailak txalotu egin du bileran "hitz egiteko" aukera izan dutela, baina gogorarazi du dekretua indarrean sartzeko "ordu gutxi" falta direnean etorri dela.
Neurrien ezarpenari dagokionez, Gasteizko Gobernuak nabarmendu du "ezinbestekoa" dela "sektore eta establezimendu bakoitzaren egoera kontuan hartzea".
Halaber, Euskadik kontingentzia plana garatzen jarraituko duela aurreratu du, "Bruselak eta dagozkien ministerioek ezarritako irizpideen arabera", energia aurrezteko eta ekonomia "deskarbonizatzeko" helburuz.
Bestalde, Jaurlñaritzak aurreratu du "lehenbailehen" igorriko diola Pedro Sanchezen Gobernuari bere planaren zirriborroa. Horretarako, abuztuaren 31a arteko epea jarri du Ministerioak.