Ekonomia -
Europa
Euroguneko eta EBko ekonomia % 0,6 hazi da bigarren hiruhilekoan
Aurreko hiruhilekoan izandako hazkundeari eutsi dio Europar Batasunak, eta euroa duten herrialdeetan apur bat hobetu da egoera.
Agentziak | EITB MEDIA
Euroguneko zein Europar Batasuneko (EB) barne produktu gordina (BPG) % 0,6 hazi da bigarren hiruhilekoan, aurrekoarekin alderatuta, Eurostat Europako estatistika bulegoak gaur emandako datuen arabera.
Eurostatek berak uztaila amaieran eurogunerako aurreikusitako estimaziotik behera dago (hamarren bat gutxiago, % 0,7koa aurreikusi zuten) gaur jakinarazitako datua, baina Europar Batasunerako aurreratutako datua bertsua da.
Hori horrela, EBren jardun ekonomikoak egonkor jarraitzen du urteko lehen hiruhilerokoarekin alderatuta, eta eurogunearen kasuan, hobera egin du, hamarren bat bada ere. Urtarrila eta martxoa artean % 0,5 igo zen BPGa.
Iazko hiruhileko berarekin erkatuz gero, hazkunde ekonomikoa % 3,9koa izan da eurogunean, eta % 4koa, 27 herrialdeetan. Dena dela, 2021eko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, are handiagoak ziren igoerak (% 5,4 eta % 5,5, hurrenez hurren).
Enplegua ere hazi egin da bigarren hiruhileko honetan, baina erritmo txikiagoan. Landunen kopuruak % 0,3 egin du gora eurogunean eta Europar Batasunean, betiere urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuz gero (% 0,6 eta % 0,5 hazi zen, hurrenez hurren). Nolanahi ere, iazko hiruhileko berarekin erkatuta, gora egin du enplegu sorrerak.