Ekonomia -

Argindarra

Argindarraren prezioa % 12 jaitsiko da ostegunean, megawatt ordua 208,96 eurora arte

Uztaileko eta abuztuko preziorik baxuena da. Espainiako Gobernuak onartutako mugak MWh-aren 140 euroko murrizketa ekarriko badu ere, Espainiako elektrizitatearen prezioa duela urtebetekoaren bikoitza izango da bihar. Europan, oro har, 550 eurotik gora ordainduko da bihar MWh.

Bonbila bat piztuta. EITB
Bonbila bat piztuta. EITB
Bonbila bat piztuta. EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argindarra % 12 jaitsiko da ostegun honetan, 208,96 eurora arte megawatt ordua (MWh), uztaileko eta abuztuko preziorik baxuena, handizkako edo "pool" merkatuko enkantearen emaitzen arabera, eta Espainiako Gobernuak onartu eta ekainaren 15ean indarrean sartu zen gasari egin beharreko topea ezarri ostean. 

Prezio hori ekainaren 30etik izan den baxuena da, eta bosgarren jaitsiera jarraitua da. Errusiak Ukraina inbaditu eta ia bi astera, martxoaren 8an 544,98 euro/MWh-eko prezioarekin goia jo zuenetik % 62 jaitsi da prezioa.

Jaitsierak jaitsiera, eta mugak muga, kontsumitzaileek duela urtebete halako bi ordainduko dute bihar argindar MWh-a. 

OMIE merkatu elektrikoko operadorearen eta Gasen Merkatu Iberikoaren (Mibgas) datuen arabera, argindarraren handizkako prezioa (tarifa arautua duten kontsumitzaileek ordaintzen dutena) elektrizitatea sortzeko gasaren mugarik ez balego baino 140 euro txikiagoa izango da, kasu horretan 348,22 eurokoa bailitzateke prezioa.

Europak pairatzen duen energia-ezegonkortasunak markatutako testuinguru batean, elektrizitateak oso balio altuetan jarraitzen du kontinenteko ekonomia nagusietan. Bihar, oro har, 550 euro/MWh-ko muga gaindituko dute Europan.

Zehazki, Alemanian 563,76 euro/MWh-ko batez besteko prezioa izango da, eta Frantzian, berriz, 553,62 euro/MWh-koa.

Italian, berriz, prezioa 549,06 euro/MWh-koa izango da, eta Erresuma Batuan 397,99 libera/MWh-koa (473 euro inguru).

Portugalen, "salbuespen iberikoa" deritzonaren arabera, gasari muga jartzen zaionez, enkantearen prezioa Espainiako bera izango da, merkatua partekatzen baitute. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea