Ekonomia -
Eustat-en datuak
EAEko landetxe eta apartamentu turistikoek pandemia aurreko zifrak gainditu dituzte uztailean
2022ko uztailean landa-ostatuetan erregistratutako sarrerak eta gaualdiak % 27,7 eta % 19,6 igo dira, hurrenez hurren, 2021eko uztailarekin alderatuta. Apartamentu turistikoetan, sarrerak % 76,7 igo dira eta gaualdiak % 54,8.
O. P. | EITB Media
Atzo hotelekin egin gisan, Eustataek EAEko landa eremuko ostatuei eta apartamentu turistikoen inguruko datuak argitaratu ditu gaur. Horien arabera, erkidegoko turismoak pandemia aurreko zifrak berreskuratu ez ezik, gainditu ere egin ditu. Iazko uztailarekin alderatuta, sarrerak % 27,7 eta % 76,7 igo dira, hurrenez hurren, establezimendu horietan eta, 2019ko datuekin alderatuta ere, hobera egin dute datuek, % 13,5 eta % 74,2ko igoerekin, hurrenez hurren.
Landa-ostatuetan 24.385 sarrera erregistratu dira (ostatu berean gaualdi bat edo gehiago jarraian egiten dituzten pertsonetako bakoitza), duela urtebete baino % 27,7 gehiago, eta 2019ko uztailean baino % 13,5 gehiago (pandemiaren aurretik baino 2.914 bidaiari gehiago).
Gaualdiei dagokienez, hau da, bidaiari batek establezimenduan ostatu hartzen duen gau bakoitza, 72.040 gau zenbatu ziren guztira, hau da, 2021eko uztailean baino % 19,6 gehiago eta 2019ko hil berean baino 7.578 gaualdi gehiago zenbaki absolutuetan.
Landa-ostatuetako batez besteko egonaldia 2,95 egunekoa izan zen uztailean, 2021eko hil bereko 3,15 egunekoa baino txikiagoa. Batez besteko egonaldia ostatu-gauen eta sarrera-kopuruaren arteko zatidura gisa kalkulatzen da.
Landetxeen okupazioa % 48,7koa izan da plazei dagokionez, eta % 53,1ekoa gelen arabera neurtuz gero, duela urtebete baino ehuneko 5,1 eta 6 puntu gehiago.
Apartamentu turistikoetan 19.070 sarrera zenbatu ziren joan den hilean, hau da, iaz baino % 76,7 gehiago eta 2019an baino % 74,2 gehiago (8.126 bidaiari gehiago). Gaualdiek ere % 54,8 egin dute gora iaztik, 60.449 gaualdi izan dira guztira; covid-aren aurretik baino 20.813 gehiago.
Establezimendu mota horretako batez besteko egonaldia 3,17 egunekoa izan zen 2022ko uztailean, hau ere 2021eko uztailean izandakoa baino txikiagoa, orduan 3,62 egunekoa izan baitzen.
Euskadiko apartamentu turistikoetako plazen okupazio maila % 45,8ra iritsi zen, hau da, 2021ean baino % 10 gehiago. Apartamentuen okupazio-maila % 62,6koa izan da, iaz baino % 12,3 puntu gehiago.
Jatorriak eta helmugak
Landa-ostatuetan, bidaiarien % 70,4 espainiar Estatukoak izan dira uztailean, 17.173 guztira, iaz baino % 1,5 gehiago; atzerritarrak, berriz, 7.212 izan dira, duela urtebete baino % 229,8 gehiago, orduan, herrialde batetik bestera mugitzeko murrizketak baitzeuden.
Gipuzkoako landa-ostatuetara joan dira gehienak, 11.203, iaz baino % 12,6 gehiago; 9.085 Bizkaikoetara, 2021eko uztailean baino % 53 gehiago eta 4.097 Arabara, % 27,3 gehiago.
Apartamentu turistikoetan, Estatuko bisitariak 10.675 izan dira, duela urtebete baino % 28,6 gehiago, eta atzerritarrak 8.394, % 237 gehiago.
Lurraldeka, Bizkaian 11.992 sarrera erregistratu dira apartamentu turistikoetan, 2021eko uztailean baino % 109,1 gehiago; Gipuzkoan 5.391, % 33,5eko igoerarekin; eta Araban 1.687, % 65,3ko igoerarekin. Gaualdiak ere hiru probintzietan igo dira: % 85,5 Bizkaian, % 35,6 Gipuzkoan eta % 30,6 Araban.