Ekonomia -

ENERGIA

Energia aurrezteko dekretua aurrera atera dadin beharrezko babesa lortzea espero du Espainiako Gobernuak

Bozkatzeko bi egun falta diren honetan, Gobernuak ez du baieztatu errege lege-dekretua aurrera ateratzeko behar diren laguntzak dituen ala ez. "Alderdi politikoekin elkarrizketak amaitzen ari gara", adierazi du.

Isabel Rodriguez ministro eta bozeramailea prentsaurrekoan, astearte honetan. Irudia: EFE
Isabel Rodriguez ministro eta bozeramailea prentsaurrekoan, astearte honetan
Isabel Rodriguez ministro eta bozeramailea prentsaurrekoan, astearte honetan. Irudia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegunean Diputatuen Kongresuan energia aurrezteko dekretua aurrera ateratzeko beharrezko babesa izatea espero du Espainiako Gobernuak. Hala adierazi du Isabel Rodriguez Lurralde Antolamendurako ministro eta Espainiako Gobernuko bozeramaileak Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan: "Alderdi politikoekin elkarrizketak amaitzen ari gara".

Bi egun barru egingo da bozketa, baina gaur gaurkoz Gobernuak ez du baieztatu lege-dekretua aurrera ateratzeko nahikoa babes ote duen. Gauzak horrela, talde parlamentario guztiei dekretuarekin bat egiteko dei egin die. "Ez litzateke bestelakorik ulertuko", ziurtatu du.

PPk gobernatutako hainbat autonomia erkidegok dekretua atzera botatzeko eskatu badie ere, Sanchezen Gobernuak energia aurrezteko planari eutsi dio.

Prentsaurrekoan Rodriguezek Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiaren aurka egin du, dekretua gaitzesteagatik, eta adierazi du haren esku balego ez litzatekeela garraio publikoan doakotasunik egongo, ezta beken igoerarik ere. Bi politika horiek Gobernuak baliozkotu nahi duen planaren parte dira.

Gainera, PPk aire girotua igotzea edo berogailua jaistea bezalako neurriak arinkeriatzat jotzea kritikatu du Gobernuko bozeramaileak, eta jarrera hori "ukatzailea" eta "oztopatzailea" dela iritzi dio. Halaber, zalantzan jarri du PPk abuztuaren 1ean onartutako dekretua irakurri izana.

Ministroaren arabera, lehen neurri-sorta horrekin Espainiak Europar Batasunarekin duen konpromisoa bete nahi du, kontsumoa % 7 murrizteko eta "mehatxu bati aurre egiteko"; izan ere, "Putinek gasa itxi nahi dio Europari", energia "arma" gisa erabili nahi du eta horren guztiaren aurrean dio Europa "babestu" egin behar dela.

Diputatuen Kongresuak ezohiko bilkura deitu du ostegun honetarako, eta bertan energia aurrezteko dekretua baliozkotzea edo indargabetzea eztabaidatuko du. Rodriguezek adierazi duenez, PPren ezetzaren berri baino ez dute, eta babes nahikoa izatea espero dute, plana "zentzuzkoa delakoa, eta ez litzatekeelako kontrakorik ulertuko talde politikoen aldetik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea Energia aurreztea Energia kontsumoa