Ekonomia -
Vuelta
Vueltaren bi etapek Bilbon milioi bat euroko eragin ekonomikoa izango dutela adierazi du Udalak
Vueltaren bosgarren etapa Bilboko Kale Nagusian amaituko da asteazken honetan, eta seigarrena San Mamesetik abiatuko da ostegunean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Vueltaren datozen bi etapak Bilbon izango dira eta milioi bat euro inguruko eragin ekonomikoa izango dute Bizkaiko hiriburuan, Bilboko Udalak adierazi duenez.
Bi urte eta gero, Vuelta Bilbora itzuliko da. Asteazken honetan lehiatuko duten bosgarren etapa Irunen abiatuko da eta, 17:30 inguruan, iritsiko da Bilboko helmugara.
Seigarren etapa, berriz, ostegun eguerdian, 12:15ean hasiko da San Mameseko zelaigunean.
Irabazleak Juan Mari Aburto alkatearen eskutik jasoko du garaikurra, eta biharamunean alkateak berak emango dio hasiera seigarren etapari. Bi ekitaldi horietan Javier Guillen eta Christian Prudhomme Vueltako eta Tourreko zuzendariek hartuko dute parte, hurrenez hurren.
Udal Gobernuak azpimarratu du "ekitaldi handien aldeko apustua" egiten duela eta erantsi du horren erakusgarri direla Vuelta Bilbon izatea, baita datorren urtean Tourra Bilbotik abiatzea ere.