Ekonomia -

Energia krisia

Espainiako Gobernuak energia aurrezteko lege-dekretua onartzeko babesak lortu ditu

EAJk baieztatu du energia aurrezteko neurriak biltzen dituen dekretuaren alde bozkatuko duela, eta ERCk ziurtatu du ez duela ekimenaren tramitazioa oztopatuko. EH Bilduk, bestalde, Pedro Sanchezen Gobernuarekin negoziatzen jarraitzen du.

Energia aurrezteko neurriei buruzko dekretua lege-proiektu gisa izapidetuko da. Argazkia: EFE.
Langile bat Iruñeko ostalaritza lokal bateko aire girotua manipulatzen
EAJk energia aurrezteko dekretuaren alde bozkatuko du

1:18

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak energia aurrezteko neurriak biltzen dituen lege-dekretua onartzeko beharrezkoak diren babesak lortu dituela jakinarazi du Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak arratsalde honetan.

Xehetasun gehiagorik eman ez badu ere, handik gutxira EAJk iragarri du ekimenaren alde bozkatuko duela, eta ERCk ziurtatu du ez duela testuaren tramitazioa oztopatuko. Horrenbestez, PSOEren eta Unidas Podemosen koalizio-gobernuak aski boto izango ditu, PPk, Voxek eta Ciudadanosek osatzen duten "ezetzaren" blokearen aurrean gailentzeko.

Espainiako Gobernuak energia aurrezteko neurriei buruzko dekretua lege-proiektu gisa baliozkotzea eskaini die talde parlamentarioei, eta horrek testuan aldaketak egitea ahalbidetuko du, bihar ezohiko bilkuran Kongresuko Osoko Bilkuraren oniritzia jaso ondoren.

EAJk uste du lege-dekretuan aipatzen diren neurriak "berehala" ezarri behar direla eta horregatik erabaki dute ekimena babestea.

Edonola ere, alderdi jeltzaleak Sanchezen Gobernuaren jarduteko modua gogor kritikatu du eta, ildo horretan, irailetik aurrera izango diren osoko bilkuretan eta batzordeetan "elkarrizketari eta negoziazioari" heltzeko deia egin dio.  

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak energia aurrezteko proposatu dituen neurriak Sanchezek Europako Batzordera eramango dituela espero duela adierazi du EAJk.  

Bestalde, ERCren esanetan, "berri ona da" Espainiako Gobernuak bere proposamena lege-dekretu bidez tramitatzea erabaki izana, horrek zuzenketa aurkezteko aukera emango dielako gainerako taldeei. Gauzak horrela, ekimenaren kontra bozkatuko ez duela hitzeman du, aldeko botoa emango duten ala abstentzioaren alde egingo duten argitu ez badu ere.

Gabriel Rufianek esan du ezinbestekoa dela lege-dekretuan aipatzen diren hainbat neurri negoziatzea eta dena idatziz jasotzea. "Egiturazko neurriak hartu behar dira, eta ez aldi baterakoak", berretsi du.

Testuinguru honetan, Errusiako gasarekin mendekotasunarekin amaitzea eta energia berriztagarrien aldeko apustua egitea premiazkoa dela iritzi dio. "Hori izan beharko litzateke edozein Gobernu progresistaren helburua", gaineratu du.

EH Bilduk aldaketak egin nahi ditu energia aurrezteko dekretuan

Bestalde, Mertxe Aizpurua EH Bilduren bozeramaileak adierazi du begi onez ikusi dutela Espainiako Gobernuak energia aurrezteko neurriak lege-dekretu bidez onartzeko egin duen hautua, horrela eginda zuzenketak egiteko aukera izango dutelako gainerako taldeek.

Cadena Ser irratian egindako elkarrizketa batean, Aizpuruak azaldu du Sanchezen Gobernuarekin negoziatzen ari direla eta, ondorioz, azken unera arte ez dutela argituko biharko saioan zer bozkatuko duten.

Lege dekretu hori "beharrezkoa" dela eta neurri "egoki" asko biltzen dituela esan du, baina, aldi berean, zer hobetu badagoela azpimarratu du.

Horrela, bada, zenbait neurri ezartzeko "malgutasuna" eta erkidegoen iritzia kontuan hartzea eskatzen du koalizio soberanistak. Ildo horretan, aire girotuaren edo berogailuaren mugak zeintzuk izan behar diren erabakitzeko eskumena erkidegoek izan behar dutela adierazi du.

"Ez da logikoa neurri eta muga berberak ezartzea Malagan eta Bizkaian, lurralde batean eta bestean tenperaturak ezberdinak direnean; erkidegoek aukera izan behar dute beren neurri propioak ezartzeko, tokiak tokiko baldintza klimatikoak aintzat hartuta", azaldu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Larrialdi klimatikoa