Ekonomia -
Lan istripua
Atxondoko Draxton-Fuchosa enpresako langile bat larri zauritu da
Enpresa-batzordeak "prekarietateari" eta kontratazio-baldintzei egotzi die lan-istripua, eta ostegunerako elkarretaratzea deitu du.
Agentziak | EITB Media
Draxton-Fuchosako langile bat larri zauritu da lan-istripu batean, Atxondon (Bizkaia), enpresa-batzordeak jakinarazi duenez. Langileen ordezkariek enpresako "prekarietateari" egotzi diote gertakaria, eta ostegunerako elkarretaratzea deitu dute.
Istripua astearteko 5:30ak inguruan gertatu zen. Behin-behineko egoeran dagoen langileak kolpe handia jaso zuen, eta Galdakaoko ospitalera eraman zuten anbulantzian.
Enpresa-batzordeak azaldu duenez, langilea larri eraman zuten ospitalera. Gertatutakoaren "larritasuna" ikusita, sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea deitu dute biharko, osteguna, Draxton-Fuchosako instalazioetan, 12: 30etik 14: 30era.
Batzordeak berretsi duenez, "enpresa horretan lan-istripuak areagotzearen arrazoiak honako hauek dira: prekarietatea, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna, lan-baldintzen eta instalazioen okertzea eta gehiegizko lan-erritmoak, baita lan-osasunaren arloan araua ez betetzea ere".