Ekonomia -
Diputatuen Kongresua
Langile autonomoentzako kuota sistema berria onartu du Kongresuak
EAJk dekretuaren alde bozkatu du. EH Bilduk, ostera, abstentzioaren alde egin du, legeak beren kontura ari diren langileen "egiturazko beste hainbat arazo" konponduko ez dituela ohartarazita.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Kongresuak onartu egin du langile autonomoei zuzendutako kuota sistema berria, datorren urtetik aurrera beren irabazi errealen arabera kotizatu dezaten.
260 diputatuk babestu dute ekimena arratsalde honetan Kongresuan egin duten bozketan. Kontrako botoak 64 izan dira eta abstentzioak 25. Halaber, lege-proiektua premiazko bidetik tramitatzea onartu dute.
Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak azpimarratu du langile autonomoen erregimenaren erreformari esker, kotizazio sistema "justuagoa eta malguagoa" izango dela.
EAJk ekimenaren alde bozkatu du, adostutako dekretu bat denez, "Kongresuak oniritzia eman behar" diola ulertzen duelako.
EH Bilduk, berriz, abstentzioaren alde egin du, legeak beren kontura ari diren langileen "egiturazko beste hainbat arazo" konponduko ez dituela iritzita.