Ekonomia -
krisi energetikoa
Macronen arabera, "gutxiegi" erabiltzen dira Hego Euskal Herritik igarotzen diren gasbideak
Frantziako presidenteak adierazi duenez, ez da gas interkonexio berririk behar Espainiarekin, unekoak saturatzetik oso urrun baitaude.
agentziak | eitb media
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak astelehen honetan adierazi duenez, ez da gas interkonexio berririk behar Espainiarekin, unekoak saturatzetik oso urrun baitaude, eta Midcat gasbidearen proiektua ez dute "energia edo ingurumen arrazoiek" justifikatzen.
Energiaren inguruko prentsaurreko batean, Macronek azaldu du EAE eta Nafarroa bitartez bi herrialdeak lotzen dituzten gasbideak "gutxiegi" erabiltzen direla. Izan ere, otsailetik % 53an erabiltzen ari dira, eta abuztuan Frantzia izan da gasa Espainiara esportatu duena, eta ez alderantziz.
Ostera, "Espainiarekiko konexio elektrikoak garatzearen" alde agertu da, Europara energia berriztagarriekin ekoitzitako energia bidaltzeko. Hala adierazi du Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrarekin Europako egoera energetikoari buruz izandako elkarrizketaren ondotik.
Hala, Europako elektrizitate merkatuaren erreforma babestu du, prezioak "zentzuz" finkatu daitezen, eta "ekoizpen gastuekin bat".
Era berean, Macronek onartu du Frantziak "Europaren solidaritatea" behar duela elektrizitateari dagokionez, herrialdeko erreaktore nuklearren erdia baino gehiago etenda baitago, arrazoi tekniak bitarteko.