Ekonomia -
Lan istripua Nafarroan
Ospitalean zendu da Iturenen larri zauritutako langilea
Behargina lau metroko altueratik amildu zen ostiralean, balkoi batean toldo bat jartzen ari zenean. 44 urte zituen eta Donamariakoa zen.
EITB MEDIA
Ostiralean lau metroko altuera batetik amilduta Iturenen (Nafarroan) larri zauritu zen 44 urteko langilea hil egin da, sindikatuetako iturriek jakinarazi dutenez. Urtea hasi zenetik, 56 langile zendu dira Euskal Herrian, ELA sindikatuak egindako kontaketaren arabera. Foru Erkidegoan bakarrik, 11 dira lan ezbeharrean hildakoak, Nafarroako UGTren hitzetan (13 direla dio ELAk).
Ezbeharra ostiral goizean jazo zen. Sortzez Donamariakoa zen gizonezkoa balkoi baten toldoa jartzen ari zen, eta argitu gabeko arrazoiak tarteko, erori egin zen. Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten, larri baina bere kordean zela. Zainketa Berezien Unitatean ingresatu zuten, eta atzo hil zen.
Ohar batean, Nafarroako UGTren Industria, Eraikuntza eta Nekazaritzako Federazioak heriotza hori deitoratu du, baita Olaztin joan den astean gertatutakoa ere, eta doluminak helarazi dizkie senitarteko eta lagunei. Sindikatuaren arabera, bi heriotzek agerian utzi dute "premiazkoa dela segurtasun eta lan osasun eremuko baldintzak hobetzea, prebentzioaren inguruko informazioa hobetzea eta Lan Ikuskaritzako bitartekoak indartzea". "Lan heriotzek botere publikoen lehen mailako gai sozial eta politikoa izan behar dute".
Beste ohar batean, ELA sindikatuak patronalari eta Lan Ikuskaritzari egin die dei "ezbehar tasa geldiaraztea erantzukizun kontua izateaz gain, borondate kontua ere" badelako. Horren ustez, "zoritxarrez, patronalak eta Gobernuak ez dute benetako borondaterik erakusten neurriak hartzeko eta egoera aldatzeko". Enpresen kontura, ELAk dio enpresek lehentasuna ematen diotela "produkzioari arriskuak murrizteari baino, eta merkeagoa ateratzen zaie Legea ez betetzea, prestakuntzan, segurtasun prozeduretaneta babes ekipamenduetan inbertitzea baino". Ikuskaritzari buruz honakoa salatu du sindikatu abertzaleak: "Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua ia kolapsatuta dago, eta Lan Ikuskaritza, berriz, 15 pertsonako plantillarekin eta Estatuaren mende, zer esanik ez".
LABek, bere aldetik, jakinarazi du Iturengo kasuan langilea autonomoa zela, eta salatu du "lan osasuneko araudiak ez duela babesten". Sindikatu horren arabera, baimendutako altuera bikoiztuz eskuko eskilara bat erabiliaz ari zelarik erorita gertatu zen ezbeharra. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuari autonomoak ere babesteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatu dio, "autonomoak ezin direlako babesik gabe utzi".