Ekonomia -
Hipotekak
Gomendagarria al da hipoteka aldagarria finko bihurtzea?
eitb.eus-ek Endika Alabort ekonomialariarekin hitz egin du hipoteka aldagarria finko bihurtzeko prozedura nolakoa den ulertzeko, eta une honetan hori egitea ideia ona ote den argitzeko.
EITB MEDIA
Hilero hipoteka ordaintzea amesgaizto bihurtu da familia askorentzat, batik bat, interes-tasa aldagarria sinatu zutenentzat.
Hori horrela, gero eta kontsumitzaile gehiagok erabakitzen du hipoteka aldagarria finko bihurtzea, hileroko kuotan ezusteko gehiagorik ez izateko. Inflazioa eta interes-tasak etengabe hazten ari diren honetan, erabaki logikoa dirudi, baina adi, aldez aurretik hobe da kalkuluak egitea, Endika Alabort ekonomialariak eitb.eus-en egindako elkarrizketa batean ohartarazi duenez.
"Bankuak oso argiak dira, eta negozioa hipoteka aldagarrian badago, trabak jarriko dituzte interes finkoan", azaldu du Alabortek.
Horren esanetan, hipoteka aldatzeko erabakia hartu baino lehen, "interes-tasen arteko diferentziala" kontuan hartu behar da, eta gastuak "epe luzerako" kalkulatu behar dira. Baina ez hori bakarrik: hipoteka aldatzean, bankuek komisioak kobratu ohi dituzte, eta askotan, notariotza eta etxebizitzaren tasazioa berriz ere ordaindu behar dira. Gainera, baliteke bankuak zerbitzu gehigarriak inposatzea, hala nola haiekin aseguru bat kontratatzea.
Azken EITB Dataren arabera, urteko lehen hiruhilekoan, interes-tasa finkoa duten hipoteka kopuruak ia tasa aldakorrarekin berdindu ziren; % 47,2 tasa finkoko hipotekak izan dira, eta % 52,4, tasa aldakorrekoak.
Hala ere, Euriborra esprint betean dagoela, finantza erakundeak hipoteka finkoak sustatzeari eta eskaintzeari uzten ari dira, kasu batzuetan % 3,6 UTB gainditu baitute.
Asufin finantza erabiltzaileen elkarteak egindako kalkuluen arabera, gehikuntza horren ondorioz, hipotekak 1.000 euro garestitu dira urtean, erreferentzia gisa 100.000 euroko mailegu bat hartzen bada, 25 urteko amortizazio-epearekin eta erakunde bakoitzak bezero bakoitzari kobratzen dion diferentziala gehi % 2ko Euriborrarekin.