Ekonomia -

Energia berriztagarriak

Eguzki panelak jarri nahi ditut auzokoen erkidegoan edo etxebizitza familiabakarrean: zer egin behar dut?

Kontatuko dizugu, pausoz pauso, zer egin behar duzun etxean instalazio fotovoltaiko bat ipintzeko.

Eguzki panelak, Ordiziako etxe batean. Argazkia: Aitor Agirrezabal.
Eguzki panelak, Ordiziako etxe batean. Argazkia: Aitor Agirrezabal.
Eguzki panelak, Ordiziako etxe batean. Argazkia: Aitor Agirrezabal.

JESUS ELORDUI | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Honela dio Marcos Garciak, alegia, Gasteizko Zuia Ingenieria enpresako bizitegi sektoreko arduradun komertzialak: "Instalazio fotovoltaikoen gaineko informazio eskaeren kopurua laukoiztu egin zaigu azken urtean, eta bikoiztu maiatzetik, bai auzokoen erkidegoen aldetik, bai etxebizitza familiabakarren aldetik". Berrizko Ekidom Energias Renovables enpresako gerente Josu Salazarrek ere ildo horretan jarraitzen du: "Duela bi urteko datuekin alderatuta, hazkundea % 500ekoa izan da. 2021ean, bikoiztu egin genuen fakturazioa; aurten ere bikoiztu egingo dugu, iazko datuekin alderatuta". Argindarraren garestitzeak, krisi energetikoak eta neguaren gainean dagoen ziurgabetasunak azaltzen dute hori dena. 

Gero eta herritar gehiagok aztertzen dute etxean eguzki panelak jartzeko aukera, eta gero eta herritar gehiagok ipintzen dute, azkenean, instalazioa. Baina, zeintzuk dira hori gauzatzeko jarraitu beharreko pausoak, zer egin behar du edonork etxean horrelako instalazioa izateko? Ikus dezagun hemen.

1. Egia da ez dela horren ohikoa, kontuan izanik bezero gehienak etxebizitza familiabakarrekoak edo baserriak direla (hala dio Josu Salazarrek), baina ez ahaztu: auzokoen erkidego batean bizi bazara, horren baimena eskuratu behar duzu lana egin ahal izateko. Batzarra deituta, Jabetza Horizontalaren Legeak eskatzen du auzokoen herenak onartzea; hala ere, Marcos Garciak dioenez, "gomendioa da gutxienez gehiengo soilak babestea ekimena". Prozedura auzokoen erkidego batek abiatzen duenean, zailtasun gehiago eta oztopo handiagoak izaten dira, zehaztu du Josu Salazarrek.

2. Auzokoen erkidegoaren babesa erdietsita (edo, etxe batean bizi bagara, familiaren babesa lortuta), enpresa instalatzaile batera joan behar gara. Enpresak aurretiko azterketa egingo du, eta Udalarekin harremanetan jarriko da, horrek lan lizentzia emateko; halaber, Energiaren Euskal Erakundearekin bat egingo du, beharrezko dirulaguntzak eskatzea helburu, bai eta Udalarekin berarekin ere.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE | Eguzki panelak nire etxean: ohiko galderak

 

Inportantea da jakitea, bereziki ematen duen lasaitasunagatik, enpresa instalatzailea arduratuko dela baimenak tramitatzeko lan horretaz. Marcos Garciaren esanetan, Energiaren Euskal Erakundeak emandako dirulaguntzak oso kontuan izatekoak dira; gainera, Erakundeak nabarmen laburtu du denbora laguntzen gaineko erantzuna emateko. Udalek, horrez gain, batzuetan, hobariak ematen dituzte Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, edo salbuespenak udal lizentzian, azaldu du Josu Salazarrek.

Aurretiko azterketak bi alor izaten ditu kontuan: bata da etxebizitzaren kontsumo elektrikoa, eta, bestea, etxebizitza non dagoen kokatuta. Ez da gauza bera etxea, adibidez, kostaldean ala barnealdean egotea, urteko eguzki-orduen kopurua ez baita bera. Aplikazio informatiko ofiziala dago, software bat, eta horrek kalkulua egiten du. Horren gainean, Energiaren Euskal Erakundeak zehaztuta du zeintzuk diren Euskal Autonomia Erkidegoko eremuak eguzki energia aprobetxatzeko potentzialaren mailari dagokionez: kostaldea, bitarteko eremua (Euskadiko erdialdean), eta barnealdea, hegoan, Arabako Errioxan.

3. Enpresa instalatzailearekin kontratua formalizatzea. Horretarako, jakin behar dugu Energiaren Euskal Erakundeak edo Udalak zenbaterainoko dirulaguntzak ematen dituen. Hori, datua jakitea, nabarmen bizkortu da azken asteotan. Muntaiako arduradun batek lanaren bideragarritasuna zehaztuko digu, eta egin beharreko dena azaldu.

4. Instalazio fotovoltaikoa jartzeko lana gauzatzea: Zuia Ingenieria enpresako Marcos Garciaren esanetan, egun gutxi batzuetan, normalean astebete baino gutxiago igarota, instalazioa prest egoten da. Hori bai, Ekidom Energias Renovables enpresako Josu Salazarrek dioenez, une honetan, arazoak egon litezke osagaiekin, horniketan oztopoak baitaude. 

5. Instalazioa zaindu eta mantentzea: Josu Salazarrek azaltzen du panelak garbi egon behar direla. Horretaz euria bera arduratzen da: "Une hauetan, denak du monitorizatzeko aukera", zehaztu digu. Panelen bermea, Ekidom Energias Renovablesetik eta Zuia Ingenieriatik esan digutenez, 25 urtekoa da, "baina haien bizitza erabilgarria 40 urtetik gorakoa izan ahal da", dio Josu Salazarrek.

Azkenik, Marcos Garciak azaldu duenez, instalazio fotovoltaiko batean hiru tresna daude: eguzki-panelak, inbertsorea eta bateria. Eguzki panelek 25 urteko bermea dute; inbertsoreak, aldiz, hamar urtekoa (eguzki paneletako korronte zuzena korronte alterno bilakatzen du inbertsoreak, etxean energia hori kontsumitu ahal izan dezagun). Bateriak (hamar urteko bermea du horrek ere) egunean pilatutako eta ez erabilitako energia gordetzen du. Energia hori panelek eguzki argia jasotzen ez duten orduetan baliatu ahal da, eta, halaber, nahiago izanez gero, sare elektrikoari ematea dago, diru kopuru bat jasota.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Energia berriztagarriei buruzko albisteak Energia aurreztea Energia