Ekonomia -

Energia berriztagarriak

Eguzki panelak nire etxean: ohiko galderak

Edozein etxetan jarri ahal dira eguzki panelak? Zergatik erabaki lezake Udalak ez didala emango lan lizentzia? Errentagarriak al dira? Instalazio fotovoltaikoen gaineko galdera horietarako eta beste batzuetarako erantzunak dituzu hemen.

Eguzki panelak gero eta gehiago ikusten ditugu etxeetan. EITB Mediako bideo batetik hartutako irudia
Eguzki panelak gero eta gehiago ikusten ditugu etxeetan. EITB Mediako bideo batetik hartutako irudia
Eguzki panelak gero eta gehiago ikusten ditugu etxeetan. EITB Mediako bideo batetik hartutako irudia

JESUS ELORDUI | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxean instalazio fotovoltaikoa jartzea aztertzen ari bazara, ziur asko hainbat zalantza izango dituzu, eguzki panelen gaineko hainbat galdera. Horietako batzuk argitzea helburu, hurrengo testua prestatu dugu.

* Auzokoen erkidego batean bizi naiz; eguzki panelak jartzen baditugu, faktura guztiz ordainduko dut horiekin?

Ez. Marcos Garcia Gasteizko Zuia Ingenieria enpresako bizitegi sektoreko arduradun komertzialak zehaztu duenez, instalazio fotovoltaiko batek erkidegoaren gastu komunak ordain litzake (igogailua, argiztapena, garajeak, eta abar), eta hori oso interesgarria da, baina ez du betetzen, normalean, bizilagun bakoitzaren argindar faktura osoa.

* Beharrezkoa al da auzoko guztiak ados egotea?

Ez. Legearen arabera, auzokoen erkidegoaren herenak eman behar du adostasuna. Hori bai, gomendagarria da gehiengo soilak onartzea ekimena.

* Eguzki panelak edozein teilatutan jarri ahal dira?

Eguzki panelak edozein azalen gainean ipini ahal dira: arbela, teila… Teilatuaren orientazioa edo okertasuna ere ez da oztopoa, kontuan izanik panelei beharrezko osagarriak erantsi ahal zaizkiela instalazioa erabat egokia izan dadin. Hau da, teilatua ez da oztopo panelak jartzeko.

Berrizko Ekidom Energias Renovables enpresako gerente Josu Salazarrek nabarmendu du garrantzitsuena dela teilatua eguzkitsua izatea, eta oztoporik edo itzalik ez izatea. 30 graduko inklinazioa ona da. Horrez gain, Josu Salazarren esanetan, teilatuak iparrerako orientazioa izanez gero, hori oztopoa litzateke instalazioa jartzeko.

* Udalak laneko udal lizentzia ukatu ahal du?

Bai. Udal lizentzia lan txikikoa da, baina, eraikin batzuetan, babeseko erregimenen baten mendean izanez gero, badago lizentzia ukatzea. Adibidez, balio historikoagatik, edo Gasteizko edo Guardiako Alde Zaharretan egoteagatik. Halaber, zenbaitetan, teilatura iristeko afekzio oso handiak egon beharko balira, esaterako zirkulazio handiko kaleak ixtea, horrek ere eragin lezake baimenik ez jasotzea. Kasu horietan, kontuan izan behar da ordaintzeko zenbatekoa altuagoa izango dela, mobilizatzeko makineriagatik eta ekipoengatik.

* Errentagarria al da gure teilatuan eguzki panelak jartzea?

Bai, zalantzarik gabe, bada errentagarria, Marcos Garciaren iritziz. Zuia Ingenieriako industria arloko arduradun Jose Carlos Ortegak zehaztu duenez, etxebizitza familiabakarrean bizi bagara, elektrizitatearen fakturan % 50-60 arteko aurreztea ekar lezake, sareko argindarra erosteari utzita.

Gainera gure instalazioan bateria badago, egunean erabiltzen ez dugun eguzki energia biltzeko, gauean baliatzeko, eta gainera soberakina, gaineratikoa, argindarraren sarera ematen badugu, aurreztea handituko duen ordaina jasoko dugu. Aurreztea, hala, % 70etik gorakoa izan liteke, azaldu du Marcos Garciak.

Jose Carlos Ortegak kontuan sakondu du: auzokoen erkidegoetan, errentagarritasuna ez da hain handia, azala txikiagoa baita, eta, ondorioz, ez dago iristerik arestian aipatutako kopuruetara. Nolanahi ere, argindarraren fakturetako kostua murrizteko modu bat da, eta babestuta egongo gara prezioaren aldaketen aurrean. Gure karbono aztarna ere txikiagoa izango da.

Josu Salazarren esanetan, fakturako aldagarria, etxean instalazio fotovoltaikoa izanez gero, zerokoa ere izan daiteke. Hala, kostu finkoak soilik ordainduko genituzke.

* Elektrizitatearen ordainagirian zenbat ordaintzen dudan aztertuta, zein preziotik da errentagarria eguzki panelak jartzea?

Gutxi gorabehera, 60 euro ordaintzen badituzu. Honako hau aurreikusi ahal dugu: zenbat eta gehiago ordaindu argindarragatik, orduan eta lehenago amortizatuko dugu gure instalazio fotovoltaikoa. Gure faktura 120 eurotik gorakoa bada, bospasei urtetan amortizatuko dugu, eta, edozein kasutan, litekeena da gehienez 12 edo 14 urtetan amortizatzea. Kontuan izan: eguzki panelek 25 urteko bermea dute. Gainera, dirulaguntzak oso kontuan izatekoak dira.

Urteko, gutxienez 3.000 kilowatteko kontsumoa badugu, amortizazioa instalazioa jarri eta bost edo sei urtera gauzatuko da.

* Noiz hasten da errentagarria izaten etxean eguzki panelak jartzea?

Marcos Garciaren esanetan, ziur aski, instalazioa jarri eta bospasei urtera; gehienez, panelak jarri eta 12-14urtera. Kontuan izaten badugu panelen bizitza erabilgarria 40 urtetik gorakoa izan daitekeela, inbertsioaren itzulkina argia da.

Josu Salazarrek eta Aitor Urresti adituak ere tarte horretan kokatu dute errentagarritasuna hasten den unea, alegia, hamar urte igaro aurretik, bost-hamar urte artean.

* Zein da aurreikusi behar dugun inbertsioa?

Ekidom Energias Renovables eta Zuia Ingenieria enpresekin jarri gara harremanetan, datua izateko. Josu Salazarrek dioenez, gutxieneko inbertsioa 3.000 eurokoa izango litzateke, eta gehienekoa, 15.000koa. Kopuru horietan, kontuan izan du, alde batetik, BEZa, %21ekoa da, eta jasotzen diren dirulaguntzak. Adierazi digu egiten dituzten instalazioetako % 90 kopuru horien artean daudela.

Marcos Garciaren esanetan, gutxieneko inbertsioa, auzokoen erkidegoetan eta etxebizitza familiabakarretan, 8.000 eurokoa da, eta gehienekoa 20.000koa. Hori bai, zehaztu egin duenez, Euskal Energiaren Erakundeak emandako dirulaguntzak kontuan izanik, azkenean 6.000 eurokoa izango litzateke gutxienez, eta 12.000koa gehienez. 

* Zeintzuk dira Euskal Energiaren Erakundeak eskaintzen dituen dirulaguntzak?

Euskal Energiaren Erakundeak egun, 2023ko abenduaren 31ra arte, eskaintzen dituen dirulaguntzetako programaren gaineko informazioa web orri honetan dago zehaztuta. Pizgarri programa da, zera egikaritzeko: batetik, hainbat sektoretako energia iturri berriztagarrien bidezko autokontsumo eta biltegiratze instalazioak (tartean, energia fotovoltaikoaren bidezkoak); bestetik, sistema termiko berriztagarriak.

* Zaila al da eguzki panelak birziklatzea?

Ekidom Energias Renovableseko Josu Salazarren esanetan, ez, ez da zaila; izan ere, eguzki paneletan beira dago, baita aluminioa eta silizioa ere, besteak beste. Hori bai, Josu Salazarren gomendioa da hondakinetako kudeatzaile batek esku hartzea.

* Ez dut nire inguruko etxeetan eguzki panel askorik ikusten. Etorkizunean, gehiago izango al dira?

Horri erantzuteko, Aitor Urresti EHU irakasle eta energia berriztagarrietan eta energia trantsizioan adituari galdetu diogu. Bera oso argia izan da: "Ikusita nolako joera dugun, energiaren prezioa goraka doala, maila batean orekatu eta beherantz jotzen hasiko dela, eta gainera horrelako instalazioak", alegia, panel fotovoltaikoak, "gero eta merkeagoak" direla, Aitor Urrestik uste du gero eta gehiago ikusiko ditugula. Horrez gain, gogora ekarri duenez, "dirulaguntzak daude, eta horrek ere bultzada emango du". Laburbilduta, orain salbuespena da eguzki panelak ikustea, "baina, 10-15 urte barru, salbuespena kontrakoa izango da, hau da, panelak ez dituzten etxeak ikustea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia berriak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Energia jasangarriak Energia aurrezteko neurriak gaur Energia kontsumoa