Ekonomia -
Energia aurreztea
Merkataritza lokaletan itxiera automatikoa duten ateak instalatzearen gaineko kontsultak "% 400" igo dira
Ostiralerako (irailak 30), dendek, supermerkatuek eta merkataritza guneek sistema bat izan beharko lukete instalatuta ateetan, barneko tenperaturari eutsi eta energia aurrezteko; eitb.eus-ek jakin nahi izan du zein puntutan dagoen sektorea Euskadin, neurri horri dagokionez.
JESUS ELORDUI | EITB.EUS
Ostiralean, hilak 30, dendek, supermerkatuek eta merkataritza guneek sistema bat izan beharko lukete instalatuta ateetan, barneko tenperaturari eutsi eta energia aurrezteko, Espainiako Gobernuak Energia aurreztu eta energetikoki eraginkorragoak izateko onartutako dekretuak ezarrita duenez. Hori dela eta, eitb.eus kontaktuan jarri da Euskadiko merkatarien bi federaziorekin eta Trapagarango Alman Automatismos y Cierres enpresarekin (ateak instalatzen ditu horrek), sektorea neurri horren betetzeari dagokionez zein puntutan dagoen jakitea helburu.
Testuinguru horretan, Gipuzkoa Merkatariak Federaziotik adierazi digute ez duela uste denda askok ateetan aldaketarik egin dutenik araudi berriari egokitzeko: "Malgukiak jarri dituzte hainbatek", diote, ateak zabalik egon ez daitezen eta automatikoki ixteko. "Energia aurrezteko neurriak dira", nabarmendu dute, "eta, saltokiek, ahal duten heinean, kontuan izaten dute", azpimarratu digute.
Gipuzkoa Merkatariak Federazioak gogora ekarri du neurria abuztuan iragarri zutela, duela bi hilabete baino gutxiago, eta zaila dela horrelako inbertsio bati heltzea: "2.000-4.000 euro artekoa izan liteke", automatikoki ixten den ate bat instalatzeko; dendariek, baina, konpromiso handia dute energia aurreztearekin, eta ahalegin handiak ari direla egiten, dekretua bete eta laguntza emateko.
Araban, AENKOMER erakundeak (lurralde historikoko merkataritza eta zerbitzuetako enpresariak biltzen ditu) dei gutxi jaso ditu, denden eta saltokien aldetik; gehienek, zehaztu dute, "sistemaren bat zuten" ezarrita itxiera automatikoa, edo nahiago izan dute aldaketarik ez egin.
Trapagarango Alman enpresarekin hizketan, datua aipagarria da: ekainarekin alderatuta, eta eskatutako aurrekontuei erreparatuta, eskarien kopuruak "% 300 edo 400" egin du gora, saltokietan itxiera automatikoa duten ateak instalatzeko. Almanetik, baina, azpimarratu egin dute oso zaila dela merkatuak aurre egin ahal izatea horrelako eskariari; dendari batzuek ere egin dutenez, mahaigaineratu dute inbertsio ekonomiko handia egin beharko litzatekeela ate berria jartzeko.
Orain indarrean sartzen den neurria bete behar duten saltokien % 10ek, gutxi gorabehera, izan dute ahalmena egokitzeko, EITB Mediak emandako datuen arabera.