Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Lehendakaria: 'Euskadik badu kaudimena'

Patxi Lopezek azaldu duenez, herrialde batek "kaudimena" izan dezan bertako finantza erakundeek ere izan behar dute. Hori dela eta, "Bankia denon arazoa" dela ohartarazi du.

Patxi Lopez lehendakaria. Argazkia: EITB
Patxi Lopez lehendakaria.
Patxi Lopez lehenkariaren elkarrizketa osoa

26:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak esan du EAEk baduela "kaudimena", nahiz eta hainbat hedabidetan gehiegi gastatzen ari dela argitaratu.

Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, Jaurlaritzak "orokorrean, Jaurlaritzaren inbertsio ahalmenari eutsi dio, baina urte bukaeran ikusiko dugu hor ere aurrezki bat egon dela".

Horren harira, "lehenengo hiruhilekoari baino gehiago urte osoari begiratzeko" deia egin du, urte amaieran agerian geratuko baita "aurrekontuen orekarako egitasmoan aurreikusitako murrizketa".

Hala ere, defizita kontrolatzeko "murrizketak eta murrizketa gehiago egitea" gaitzetsi du, Europaren politika ekonomikoa "berehala aldatu" behar dela azpimarratu du. Murrizketak egin behar direla aitortu duen arren, horiekin batera "ekonomia sustatzeko politikak" indarrean jarri behar direla azpimarratu du.

Horren harira, "Europako Inbertsio Bankuak Osasun eta Hezkuntza alorreko proiektuak" erosi dituela gogorarazi du.

Bestalde, ukatu egin du 'España marka' euskal ekonomiarentzat kaltegarria dela, eta horri esker "pentsioak bermatuta" daudela azpimarratu du. Era berean, Espainia "Euskadiko I+G+Bn inbertsioak egiten" ari dela gaineratu du.

Jendea EAEtik dirua atzerrira eramaten ari ote den galdetuta, Patxi Lopezek esan du berak ez duela horren berri eta aldundiek argitu beharko luketen gaia dela.

"Bankia denon arazoa" da

Patxi Lopez lehendakariak esan du herrialde batek "kaudimena" izan dezan bertako finantza erakundeek ere izan behar dutela. Hori dela eta, "Bankia denon arazoa" dela ohartarazi du.

Lehendakaria Bankiari laguntza ematearen alde dago, baina "baldintzekin, "egia jakitea" besteak beste, izan ere, "norbaitek engainatu egin gaitu". Era berean, "kudeaketa penagarri horren ardurak" exijitu ditu, zeren "hondamendiaren arduradunak ezin du orain milioikako kalte-ordaina eduki" eta "diru-laguntzak ezin du hondorik gabeko zulo batera joan, itzuli egin behar da eta erabil dadila dirua mugitzeko eta familiei laguntzeko".

Lehendakariaren esanetan, "ezin dira aste batean etekinak aurkeztu eta hurrengoan 23.000 milioi eurotik gorako zuloa agertu". "Norbaitek gezurra esan die gobernuei, herritarrei eta bezeroei, beraz, egia jakin behar da, eta horregatik, oso ondo iruditzen zait batzorde parlamentario bat sortzea", azpimarratu du.

Gainera, Justiziaren esku utzi du Bankiako kudeaketa "txarraren" ardurak argitzea eta egon litezkeen ardura zibil eta penalak ebaztea.

Murrizketa gehiago?

Murrizketei dagokienez, lehendakariak esan du balitekeela Jaurlaritzak murrizketa gehiago egitea, "posible" dela eta "diru-bilketak" esango duela beharrezkoa ote den.

Dena dela, argi adierazi du Hezkuntza eta Osasuna bezalako "marra gorriak" ez direla zeharkatuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea