Ekonomia -

LAN GATAZKA

Greban dauden Frantziako sei findegiek lanuzteei eusten diote, Gobernuak lanera behartzearekin mehatxatu arren

Energia Ministerioak iragarri du onartu duela Normandiako Exxon Mobil findegiko langileak lan egitera behartzeko agindua.

Petrolio findegietako greba Frantzian. Argazkia: EFE
Petrolio findegietako greba Frantzian
Frantziako findegietako grebak gasolindegi hutsak eta ilara luzeak utzi ditu

0:44

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzian gasolindegietako krisia konpontzetik urrun, larriagotzen ari da. Greban dauden sei findegiek lanuzteei eustea erabaki dute, nahiz eta Gobernuak bi findegi irekitzera behartu nahi dituen.

Atzo, Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroak Asanblea Nazionalean iragarri zuenez, Exxon Mobileko findegien "funtzionamendurako ezinbesteko langileak" direnak lan egitera behartuko dituzte, bezperan zuzendaritzaren eta hainbat sindikaturen artean akordio bat sinatu ostean. Hain zuzen ere, Energia Ministerioak gaur goizean jakinarazi du onartu duela Exxon Mobil konpainiak Gravenchon-Port Jeromen (Normandia) duen findegiko langileak lan egitera behartzeko agindua. 

CGT sindikatuak epaitegietara jotzeko asmoa agertu du grebarako eskubidea konstituzionala dela argudiatuta.

Exxon Mobileko zuzendaritzak CFDT eta CFE-CGC sindikatuekin soldata igotzea adostu badute ere, konpainia horretako findegietako langileek greban jarraitzea erabaki dute.

Azken orduetan, beste petrolio findegi batek egin du bat grebarekin eta, hortaz, zazpitik sei dira jada greban daudenak.

Frantziako Gobernuak emandako datuen arabera, herrialdeko hiru gasolindegietatik ia batean (% 30) erregaia falta da. Erregai eskasia Pariseko eskualdean nabari da gehien bat, izan ere, gasolindegien % 44 itxita daude.

Greban dauden langileek TotalEnergies eta ExxonMobil enpresei eskatzen diete Ukrainako gerraren ondorioz izan dituzten irabazi izugarriak langileekin partekatzea, eta soldatak % 10 igotzea: % 7 inflazioaren eragina konpentsatzeko eta % 3 etekinen birbanaketarako. Izan ere, TotalEnergies konpainiak 10.600 milioi dolarreko irabaziak lortu zituen lehen seihilekoan.

TotalEnergies konpainiak gaur bilera egingo du greban parte hartzen ari ez diren sindikatuekin. CGT sindikatua ez dago bilerara deituta eta enpresak adierazi du gonbidatuko duela baldin eta eguerdirako blokeoa altxatzen badu.

Eragina Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herrian ere somatu da grebaren eragina. Atzo, A-63 autobidean, Bidarten dagoen gasolindegia blokeatu egin zuten findegietako langileekin elkartasunean. Arratsaldean, ordea, lanuztea bertan behera utzi zuten, itxuraz, soldata eta lan baldintzetan hainbat hobekuntza lortuta. Dena den, ez dago horren inguruko baieztapen ofizialik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak gaur Paris azken albisteak Frantzia bideoak Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Sindikatuen azken ordukoa Lan gatazkak azken ordukoa Macronen Gobernua Gasolioaren prezioaren igoera