Ekonomia -

LAN GATAZKA

Bizkaiko metalgintzako patronalak eta sindikatuek bilera egingo dute lan hitzarmena negoziatzeko

Hamahirugarrena izango da. Sindikatuek hiru greba egun deitu dituzte urriaren 27 eta 28rako eta azaroaren 2rako. Bi deialdi egin dituzte: batetik, CCOOk, UGTk eta LABek; bestetik, ELAk.

Bizkaiko metalgintzaren mobilizazioa. Artxiboko argazkia: EFE
Bizkaiko metalgintzaren mobilizazioa. Artxiboko argazkia: EFE
Bizkaiko metalgintzaren mobilizazioa. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

FVEM Bizkaiko metalgintzako patronalak eta sindikatuek lan hitzarmena berritzeko negoziazioei ekingo diote berriro. Gaur egingo duten bilera hamahirugarrena izango da.

Azken batzarra irailaren 26an egin zuten. Egun batzuk lehenago patronalak azken proposamena aurkeztu bazuen ere, ez zuten akordiorik lortu.

Geroztik, sindikatuek hiru greba egun deitu dituzte urriaren 27 eta 28rako eta azaroaren 2rako. Orain arte, lau sindikatuek batera deitu dituzte mobilizazioak, baina oraingoan, bi deialdi egin dituzte: batetik, CCOOk, UGTk eta LABek; bestetik, ELAk. Sindikatuek iritzi ezberdinak dituzte negoziazioen planteamenduari eta grebaren iraupenari buruz, eta horrek eragin du zatiketa.

Bizkaiko metalgintzako patronalak "arduragabekeriatzat" jo ditu sindikatuen greba deialdi berriak. Halaber, horiei ohartarazi die "mugitzen ez badira, ezinezkoa dela hitzarmen bat negoziatzea". Ildo horretan, azpimarratu du hiru proposamen aurkeztu dituela negoziazio prozesuan zehar.

Iritzi ezberdinak izan arren, sindikatu guztiak bat datoz esaterakoan patronalak ez duela negoziatzeko borondaterik, eta negoziazioa blokeatzen duela. Negoziazio mahaian gehiengoa duten sindikatuek aurreratu dute hitzarmenaren negoziazioan "akordiorik egon ezean" greba egun gehiago egingo dituztela. ELA, bere aldetik, greba mugagabea deitzearen alde agertu da baldin eta akordiorik lortzen ez bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Sindikatuak Lan gatazkak Metalgintza albisteak