Ekonomia -

Zalantza merkatuetan

'Der Spiegel' kazeta: 'Espainiak erreskatea onartzea nahi du Merkelek'

'Der Spiegel' webguneak zabaldu duenez, baliteke Angela Merkelek Europar Batasuneko diru-funtsak onartzera Mariano Rajoy behartzea, eurogunetik Greziaren balizko irteeraren ondorioak arintzeko.

Mariano Rajoy eta Angela Merkel bildu ziren azken aldia. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy eta Angela Merkel bildu ziren azken aldia. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy eta Angela Merkel bildu ziren azken aldia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Baliteke Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Wolfgang Schäunable Alemaniako Ekonomia ministroak Europar Batasuneko diru-funtsak onartzera Mariano Rajoy presidente espainiarra behartu izana, 'Der Spiegel' kazetak bere webgunean argitara eman duenez.

Iturri honen arabera, Alemaniak susmoa hartu dio Espainiari eta ez du uste aurrekontuetako arazoak berez konpontzeko gai denik. Hori dela eta, litekeena da neurri honekin eurogunetik Greziaren balizko irteeraren ondorioak arindu nahi izatea.

'Der Spiegel'ek jaso duenez, aukera honen gainean hitz egin zuten aste hasieran Merkelek eta Luis De Guindos Espainiako Ekonomia ministroak baina antza denez, De Guindosek uko egin zion proposamen honi. Komunikabide honen arabera, Espainiako bankuen beharra 50.000 eta 90.000 milioi eurokoa da.

Rajoyk 'lasaitasuna' eskatu du

Gauzak horrela, Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak adierazi duenez, "egungo krisi larriak beldurra eragitea normala bada ere, Espainia ez dago erortzeko zorian, ez du hondoa joko eta ekaitza gaindituko du, guk egindako esfortsuarekin eta Europar Batasuneko babesarekin".

"Krisitik irtengo gara Espainiako etorkizun ekonomikoa eta Europar Batasuneko jarraipena kolokan daudelako", azpimarratu du. "Espainia eragile bat da baina beste batzuren artean bat besterik ez da. Ez da bakarra ezta okerrena ere ez", esan du.

Monti: 'Eurobonoak errealitate bihurtuko dira'

Bestalde, Mario Monti Italiako lehen ministroak azpimarratu duenez, "eurobonoak errealitate bihurtuko dira, modu batez ala bestez". Gainera, Grezia eurogunearen barnean mantenduko dela uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea