Ekonomia -
LAN GATAZKA
Beste bi greba egun deitu dituzte ELAk eta LABek Bizkaiko merkataritzan
Lanuzteen deitzaileek esan dutenez, jakin badakite "merkataritza txikiak zailtasunak dituela" baina "ez gaude prest bere irabazi-marjina gure kontura handitzeko".
EITB MEDIA
ELA eta LAB sindikatuek beste bi greba egun deitu dituzte Bizkaiko merkataritzan. Azaroaren 4an eta 25ean egingo dituzte lanuzteak hitzarmena berritzea eskatzeko. Oraingoan, sindikatuon arabera, "enpresa txikien" jarrera salatu nahi dute bereziki, "horiek baitira une honetan negoziazioa blokeatzen eta langileak pobretzen ari direnak". CECOBI eta Bizkaidendak patronaletako kide diren dendetako langileen egoera oso kaskarra dela esan dute.
Grebaren deitzaileen arabera, "orain arte egindako zazpi greba egunetan sindikatuek, batez ere, kate handiak interpelatu dituzte", baina orain enpresa txikiak jarriko dituzte jomugan. "Jakin badakigu merkataritza txikiak zailtasunak dituela, baina ez gaude prest bere irabazi marjina gure kontura handitzeko. Merkataritza txikiko langileek kate handien eskubide berberak izan behar dituzte, eta sektoreko hitzarmena da hori bermatzeko tresna", azpimarratu dute.
Bizkaiko mertaritzako langileak, gehienak emakumeak, 2019tik ari dira hitzarmena negoziatzen. Urteak daramatzate soldatak izoztuta, asko lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzen. "Sektoreko gehienak zaintza kargak dituzten emakumeak gara, baina merkataritzako ordutegiek eta ustezko kontziliazio neurriek ez dituzte gure benetako beharrak betetzen", esan dute.