Ekonomia -
Neurri berria
Bizkaiak IFZa kenduko die zerga-iruzurretan nahasita dauden enpresei
Ibilgailuak salerosten dituen Top Gear Motor Sport, S.L. enpresa izan da Identifikazio Fiskaleko Zenbakia galdu duen lehena.
Erredakzioa
Bizkaiko Foru Aldundiak Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) kenduko die zerga iruzurretan nahasita dauden enpresei, gaur ohar batean iragarri duenez.
Zerga-iruzurrari aurre egiteko hartutako "neurri gogorrenetakoa" da, Foru Aldundiaren arabera, "iruzur-sareetan nahasitako enpresei edozein jarduera egitea eragotziko baitie".
Ibilgailuak salerosten dituen Top Gear Motor Sport, S.L. enpresa izan da Identifikazio Fiskaleko Zenbakia galdu duen lehena, baina datozen asteetan beste sei enpresari kenduko diete, Bizkaiko Foru Aldundiak iruzur egin dutela frogatu baitu.
Bizkaiko Lurralde Historikoko zergei buruzko arautegian sartu ondoren aplikatuko du Bizkaiak neurri hori. Foru Ogasunak IFZa kenduko die iruzur-sareetan nahasitako enpresei edo zergak ordaintzea ekiditeko pantaila edo bitartekari huts gisa erabiltzen direnei.
Datozen asteetan, beste sei enpresari kenduko diete IFZa. "Estalgarri hutsak direla edo iruzur egiteko sareetan parte-hartze aktiboa izan dutela frogatzen dituzten datuak aurkitu ditugu", adierazi du Aldundiak.